Bolari goierritarrek lan aipagarria egin dute Euskadiko Bola Txapelketan
Zornotzan (Bizkaia) jokatu zen, larunbatean, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako txapelketa. Sari nagusietan sartu ez arren, Gipuzkoako bolarien artean ondoen sailkatuak goierritarrak izan dira: Joxean Ormazabal eta Garbiñe Alustiza.
Bolateko denboraldi ofizialari larunbatean eman zitzaion amaiera, udazkenean jokatuko den taldekako txapelketaren faltan. Euskadiko Txapelketa Zornotza-Amorebietan (Bizkaia) izan da, EAEko hiru herrialdeetan txandakako errondaren arabera. Jokamoldea Goierrikotik oso desberdina da han, eta sari nagusietatik aparte geratu ziren goierritarrak.
Gipuzkoako selekzioaren parte joan ziren hainbat bolari goierritar, denboraldian zehar sailkatzea lortu ondoren. Tartean ziren bost gabiriar (Joxean Ormazabal, Joxe Maiz, Naiara Peñagarikano, Felix Maiz eta Iñaki Maiz), bi segurar (Xepeiño Agirre eta Jokin Izagirre), bi zeraindar (Garbiñe Alustiza eta Itoitz Alustiza).
Bai gizonezkoetan, bai emakumezkoetan, bertako bolariek eraman zituzten txapelak. Gipuzkoako partaideen artean, ondoen sailkatutakoak goierritarrak izan ziren: Joxean Ormazabal gabiriarra eta Garbiñe Alustiza. Garaikur bana jaso zuten biek.