Skyrunner World Series zirkuituan hirugarren jarraitzen du Irati Zubizarreta mendi lasterkari beasaindarrak
Zirkuituko laugarren proban, Austrian, zortzigarren izan da Zubizarreta. Aitor Zunzunegi legorretarrak, berriz, hamabigarren egin du, eta hamabosgarren dago sailkapen nagusian.
Irati Zubizarreta beasaindarrak eta Aitor Zunzunegi legorretarrak ez dute hutsik egin asteburuan jokatu den Skyrunner World Series zirkuituko hirugarren proba izan den Hochkönig skyrace lasterketan, Austrian. Bi lasterkari goierritarrak Euskal Selekzioarekin parte hartzen ari dira, eta deskribatu duten moduan, orain arteko “gogorrena” izan da, baina hala izanda ere, emaitza politak lortu dituzte, biek hala biek. Zubizarretak zortzigarren eta Zunzunegik hamabigarren bukatu zuten.
Zirkuituko orain arteko hiru lasterketetan parte hartu du Irati Zubizarretak. Azken hau, hiruetan luzeena izan da. Luizi arriskuagatik ibilbidea aldatu egin zuten azken momentuan, eta luzatu egin zuten ibilbidea. Gainera, oinetan min hartuta itzuli da beasaindarra, izan ere, elurraren erruz, oinak erre zitzaizkion. “Ondo sufrituta” eta “gehiagorako gogoarekin” amaitu bazuen ere, lortutako emaitzarekin “pozik” dagoela nabarmendu du lasterkari beasaindarrak. Zortzigarren postuan gainditu zuen helmuga. Sailkapen orokorrean, hirugarren postuan jarraitzen du. Austriatik bueltan, ekaina “lasaitasunez” hartuko duela adierazi du, eta parte hartuko duen hurrengo lasterketa “Ehun miletako Marimurumendi maratoia” izango dela iragarri du.
Aitor Zunzunegirentzat, Munduko Kopako bigarren proba zen asteburukoa. Lasterketa «gogorra» izan dela dio. «Indartsu» abiatu zen legorretarra, lasterketa “luzea” zenez, hasieran “indarrak neurtzen” joan zela. Lasterketa erditik aurrera, atzetik aurrera egin eta 12. amaitzea lortu zuen. Maila “ikaragarria” izan zela aitortu du, beraz, “pozik” agertu da, “bai errendimenduarekin, bai emaitzarekin”. Sailkapen nagusian lehen hamabosten artean sartzeko balio izan dio asteburukoak.
Hemendik bi astera, Madeira uhartean izango den zirkuituko laugarren lasterketan parte hartuko du legorretarrak, honakoa, maratoi distantzian. Zunzunegiren helburua da, “sailkapen nagusian postuak irabazten joatea, lehen hamarren artean sartzeko”. Madeirako hitzorduaren ondoren, “atsedena” hartzeko tartea hartuko du, eta irailean, Munduko Koparen bigarren txanpari helduko dio, orain arteko “ilusioarekin”, eta urrian, finalean jarriko ditu “indarrak”.