Almitzaren sega liga bukatuta, bi zaldibiarrek lortu dute Europara joatea
Migel Mari Jauregi 'Altzo' eta Akaitz Jauregi aita-seme zaldibiarrek lortu dute goierritarren aldetik Esloveniara joateko txartela.
Almitza segalari elkartearen 14. Banakako Sega Liga larunbatean amaitu zen, Altzon (Gipuzkoa). Eguneko lanetan, gizonen artean sorpresa izan zen, orain arteko bi saioak menperatu dituen Mikel Lizartza liderraren aurretik Jon Otegik egin zuelako. Migel Mari Jauregi Altzo zaldibiarra hirugarren sailkatu zen, Akaitz Jauregi zazpigarren eta Josu Mendizabal hamargarren.
Emakumeetan, Luixa Uzkudunek irabazi du azken jardunaldia, Alaitz Imaz eta Ainara Otamendi atzetik zituela.
Uztailaren 28tik 30era Eslovenian jokatuko den Europako Sega Txapelketara Euskal Herriaren ordezkaritzan joango diren segalariak hautatuta geratu dira, horrenbestez. Jauregi aita-semeek lortu dute goierritarren artetik txartela. Hamar gizon eta bost emakume daude taldean.
Nesken sega-sail lehiaketa
Igandean jokatuko da Elorrion (Bizkaia) emakumeen binakako II. Sega Sail Lehiaketa. Gazeta auzoko belardietan, bikoteko 300 metro koadroko saila ebaki beharko dute, azkar eta txukun.