Azken 50 urteetako lehendabiziko auzo festa
Bakoitzak bere aldera gehiago jotzen duen garaiotan, badirudi auzo izaera gainbeheran dagoela orokorrean. Ez da hori, ordea, Ormaiztegiko Berjaldegi auzoaren kasua. Sortu zela 50 urte pasa diren honetan, lehendabiziko aldiz auzo festa antolatu dute bizilagunek larunbat honetarako.
Arkaitz Apalategi bizilagunak esan duenez, «Jokin Mujika auzotarrak aspaldi bota zuen auzoan festa bat egiteko proposamena. Urte pila bat generamatzan ideia honekin bueltaka, baina orain arte ez gara ausartu». Festa «xumea» izango dela aurreratu du, «autofinantzatua eta auzoko enpresa txiki eta auzotarren laguntzarekin» antolatutakoa. Bazkaria izango da eguerdian eta bingoa bazkalostean, «giroa egongo da, baina ez da kristoren festa izango», argitu du.
Ekimenak, hala ere, Berjaldegiko bizilagunen arretaz gain, ormaiztegiarrena ere piztu du. «Auzotik kanpoko herritar askok galdetu digu ea bazkaritara etor zitezkeen, baina muga bat jarri behar izan dugu».
Pandemiaren gerizpean
100 pertsonatan zehaztu zuten muga hori. Hasiera batean, auzoan bizi direnei zabaldu zieten izena emateko deia, eta gero «auzoan jaio baina kanpoan bizi direnei ere bai». Guztira 90 bat pertsona bilduko dira larunbatean. Bazkaria mugatua den arren, bazkalosteko bingoa «herritar guztiei zabaldutako ekimena» dela azpimarratu du Apalategik.
Pandemiaren gerizpean indartu zen Berjaldegiko auzotarren arteko harremana: «Aurretik elkar ezagutzen genuen arren, pandemia garaian hobe ezagutzeko aukera izan genuen, whatsapp talde bat sortu genuen eta balkoietan hainbat ekimen ere antolatu genituen», esan du.
Berjaldegi Ormaiztegiko sarreran dagoen auzoa da, orain 50 urte sortutakoa. «Orduan sartu zen jendea bizi da oraindik bertan, jada adinekoak guztiak, baina jende gaztea ere etorri da bertara bizitzera», azaldu du Apalategik. Heldu eta gazte, guztiak daude larunbateko festari begira, «orokorrean oso gustura hartu du jendeak, ilusioz gaude denak, baita adinekoak ere».
Auzoko Kuko jatetxeak otordu bat zozketatuko du auzotarren artean eta Arantxa tabernak gosariak.