«Bizitza guztirako ikasketa prozesua da argazkigintza»
Ikatza elkartearen babesean jorratu du argazkigintzarekiko zaletasuna Gorka Gomezek (Legazpi, 1996). Ikasitakoaren emaitza ikusgai jarriko du ostiralean, Kultur Etxeko erakusketa aretoan.
Lanbidez ez zara argazkilaria.
Ez, marketin arduraduna naiz GOIERRIKO HITZA eta Goiberri kaleratzen duen Goierriko Hedabideetan. Baina argazkilari lan batzuk ere egiten ditut bertan, Goiberri aldizkariko azaletarako, adibidez. Nire kontura ere egiten ditut argazkiak, afizio gisa.
Afizio hori ezagutzera emango duzu orain. Zer da ostiralean irekiko duzun erakusketa?
Gipuzkoa iluna du titulua, eta urteetan zehar egindako 16-17 argazki dira, garai desberdinetakoak. Adibidez, Zeraingo Aizpeako labeak daude, berritu aurretik. Denak dira zuri-beltzezkoak, Gipuzkoako txokoetan ateratakoak. Ia denak dira paisaiak, Antioko baseliza eta Mirandaola burdinola kenduta, barrukoak direlako. Gipuzkoa iluna titulua jarri diot, baina Goierri iluna izenak ere ondo funtzionatu zezakeen, argazki gehienak Goierrikoak direlako. Oñati, Zumaiako Flyshca… Denak gertukoak eta ezagunak dira.
Bakarka egiten duzun lehen erakusketa al da?
Ez. Erakusketa kolektiboetan parte hartu izan dut gehiena, baina lehenago ere bakarka agertu nintzen, Peluren ile apaindegian. Orain aukera sortu da Legazpiko Kultur Etxean erakusteko, eta momentua aprobetxatu dut. Asko gustatzen zait zuri-beltzezko argazkilaritza, eta aspaldi hasi nuen bilduma txiki hau erakusteko gogoa nuen.
Argazki bereziak dira.
Ez dira betiko argazkiak, ez dira paperezkoak. PVCn inprimatuta daude, eta formatu handikoak dira, 70×50 zentimetrokoak. Horregatik salgai jarriko ditut, inpresio kostua berreskuratzeko. Argazkiren bat erosi nahi duenak Kultur Etxean esan besterik ez du, eta gero ni jarriko naiz harremanetan. Gipuzkoako toki asko daude, eta seguru baten bati ondo datorkiola bat edo beste etxeko paretak apaintzeko.
Noiztik zara argazkilari?
Gaztetxoa nintzela, 14-15 urterekin, arrebari eskatu nion kamera digitala udan Galiziako oporretara eramateko, eta orduan lotu nintzen. Oporretatik bueltan entzun nuen Legazpin bazegoela argazkilari elkarte bat, Ikatza, eta hara gerturatu nintzen, gehiago ikasteko nahi eta helburuarekin. Ni baino jende helduagoa topatu nuen, baina ondo konpondu naiz beraiekin, eta gaur ere han jarraitzen dut.
Ikasten jarraitzen duzu?
Noski. Bizitza guztirako ikasketa prozesua da argazkigintza. Teknologiak aldatzen joaten dira, teknikak ere bai…
Argazkiak ateratzeko orduan ere izan duzu eboluziorik?
Justu erakusketa honetako argazkiak ez dira eboluzio horren isla, normalean paisaiekin hasten zarelako, errazena delako edo eskuragarria, natura eta argazkilaria besterik ez daudelako kamerarekin. Argazki sozialak egiteko, faktore bat gehiago sartzen da, besteekin erlazionatu beharra, eta alde horretatik errazagoa da naturari argazkiak ateratzea. Niri hasieran ez zitzaidan gehiegi gustatzen argazki sozialak eta jendeari erretratuak egitea, baina urteak pasa heinean errazten joan da besteekiko harreman hori eta argazki mota horiekiko gustua sortzen ere bai.
Argazkiak edozein tokitan atera daitezke, baina landu, non lantzen dituzu zuk?
Estudio txiki bat dut etxean, eta ordenagailuaren aurrean lan egiten dut. Musika jarrita, beti. Inportanteena da eroso sentitzea argazkiak editatzeko orduan.
Kamera bezala, ordenagailua ere ez duzu edonolakoa izango.
Ez. Kamera ona erabiltzen dut, Nikon bat, eta argazki asko eta bolumen handikoak mugitzeko makina indartsu bat behar da.
Materialean ere, eboluzioa.
Bai, eta editatzeko ezagutza teknikoan ere bai. Ez da bakarrik kamera erabiltzea, hori nahiko erraza delako, ondoren landu egin behar da argazkia, eta horretan ere sakontzen joan behar da. Azkenean etengabeko ikasketa bat da, zentzu guztietan.
Zer daukazu esku artean?
Aitortu behar dut azkenaldian argazkilaritza albo batera utzita izan dudala, bizikleta nahiago dudalako. Baina erakusketa hau aitzakia izan da berriz ere argazkiei heltzeko, erakusketaren datarako bilduma osatu behar nuelako. Bizikleta ez dut utzi, baina argazkiekin hasi naiz berriz ere.
Ikatzan ere jarraitzen duzu.
Bai. Pandemiak kalte handia egin zigun, guri eta argazkilaritzari orokorrean, baina berriz ere lehengo martxa berreskuratzen hasi gara. Duela aste bete hasi berrien ikastaroa amaitu dugu. Mikel Bravok eta biok eman dugu, eta oso gustura geratu gara. Ea jendea animatzen den orain elkartera hurbiltzen.