Gaurko tipula eta kuiatxoa, eta biharko porrua, aza, azalorea, brokolia eta Brusela aza
Udaberri-udako uzta ugaritzen hasi denean, udazkenari begira jarri dira landare saltzaileak, porru, aza eta bestelakoekin. Hurrengo asteazkenean, azoka solidarioa egingo dute Ordizian.
Poliki-poliki iristen ari dira produktu berriak Ordiziako feriara, eta gaur goizean ere izan da berritasunik bertan, barazkien zein fruten ataletan.
Kuiatxoak izan dira esanguratsuenak barazkien artean. Urteko lehenak Itsasotik eraman ditu Maria Jesus Oriak, aire librekoak, eta kiloa 3 euroan jarri ditu salgai. Zeraingo Iñaki Intxaustik ere bazituen, prezio berean. Eta bi baserritar horiek, gainera, urteko tipula gorria ere izan dute salgai, sorta 2,5 euroan. Gogoratu behar da duela gutxi iritsi dela tipulin gorria feriara, eta oraindik hori erosteko aukera ere badagoela.
Frutetan, berriz, mugurdiak aipatu behar dira. Aramako Arantxa Zurutuzak izan ditu salgai, kiloa 15 euroan, marrubien ondoan, eta saldu ere, berehala saldu ditu. Gereziak ere erosi zitezkeen goizean, Oriaren postuan, kiloa 5 euroan.
Eta produktu berriak iristen ari diren bitartean, beste batzuk agortzen hasita daude, babak eta ilarrak, adibidez, baina gaur horiek erosteko aukera izan da oraindik.
Lore berri bat ere ikusi da, hortentsia, arrosa kolorekoa eta nahiko txikia. Miren Jauregik zuen salgai, 3,5 euroko sortetan.
Udazkenerako landareak
Plaza Nagusia udako produktuez betetzen ari den bezala, landare saltzaileen postuetan udazkenari begira jarrita dira, eta hasi dira porrua (ehunekoa 4 €), aza (bakoitza 0,15 €) eta brokolia, azalorea eta Brusela aza (0,20 €) eskaintzen, besteak beste. Porrua orain landatuta, eta udako eguraldiaren arabera, irail bukaeran edo urria erdialdean jasotzeko moduan izango da.
Garai horretan biltzen da, baita ere, babarruna. Dagoeneko ereinda da soro gehienetan, baina landatzea nahiago duenak badu horretarako aukera Esther Illarramendirenean landarea erosita. Hemengo babarrun beltzaren landarea du salgai Ibarrakoak, bakoitza 0,50 euroan.
Lehen gorringoak
Perretxikoen atalean ere izan da berritasunik, gorringoa. Felix Barcinaren postuan jarri dute salgai, kilo bat eskas, 39 euroan, eta berehala saldu dute. Bestela, eta Garbiñe Barandiaranen faltan, Barcinak eta Lasak 250 kilo ziza (10-40 €), 43 kilo ziza hori (18-20 €), eta 65 kilo onddo (22-32) eskaini dituzte.
Hemengo ziza ere bazuten salgai Axun Etxeberriak eta Arantxa Lopetegik plaza barruan, zazpi kilo guztira (30€).
Elkartasun azoka
Gaurkoa oraindik bukatzear zegoela, hurrengo asteazkeneko ferian begia jarrita zuten antolatzaileek, berezia izango delako. Elkartasun izaera izango du, azoka solidarioa izango da.
Premia duten familiei banatzeko elikagai freskoen bilketa egingo dute D’elikatuzek, Lagunkiro elkarteak eta Ordiziako Udalak lankidetzan, eta Kutxa Fundazioarekin eta Arantzazulab erakundearekin batera.. Lagunkiro elkartearen bidez Ordizian janaria jasotzen duten 105 familiei helarazteko 288 tipula, 415 azenario, 415 porru, 104 azelga, 415 patata eta 104 letxuga bildu nahi dituzte ferian.
Bi modutara parte hartu ahal izango da ekimenean: produktuen ekarpena eginez, eta bilketan eta antolaketan lagunduz.