Loinazko San Martin, «auzolana eta bokazioa»
‘Loinazko San Martin parrokia; auzotarren bultzada eta arnasa (1972-2022)’ liburua idatzi du Ana Merchan Zabaleta beasaindarrak. Parrokiaren 50. urteurrenagatik ondu du eta salgai dago jada.
Loinazko San Martin parrokiaren 50. urteurrena borobildu dute Loinazko San Martin parrokia; auzotarren bultzada eta arnasa (1972-2022) liburuaren eta dokumentalaren argitalpenarekin. Ana Merchan Zabaleta beasaindarrak ondu du liburua.
Liburuaren egileak berak lotura «estua» du auzoarekin eta parrokiarekin., horregatik erronka «handia» izan da berarentzat. «Auzoan jaiotakoa naiz, Loinazko San Martin parrokian batailatua izan nintzen, bertan egin nuen jaunartzea, bertan ezkondu nintzen,…», hasi da kontatzen. Eta hain zuzen ere, auzoarekin duen lotura hori baliatu du «Loinazko San Martinen historia, Frantzizskotarrak basilikara heldu zirenekoak eta auzotarren kontakizun eta pasadizoak kontatzeko» aurreratu du egileak.
Merchanek aitortu du «oroitzapenak astindu» dizkiola lan hau gauzatzeak, «onetik asko izan du, une hunkigarri asko berriz bizitzeko parada eman didalako, baina negar ere gogotik egin dut, San Martinen izandako bizipen askoren protagonista batzuk jada ez daudelako gurekin», nabarmendu du hunkituta.
Beasaingo Loinazko San Martin basilikak; parrokia izaera lortu zuela 50 urte bete ziren, 2022 urteko apirilaren 2an. Urtemugaren aitzakian, auzotar talde batek ekimen sorta antolatu zituen. Parrokia eguna, adibidez, urtemugaren egunean ospatu zutena. «Parrokiaren eta haren inguruan izan diren bizipenak jaso eta auzotarren lana balioan jartzeko lana egiteko konpromisoa» ere hartu zuen talde honek, eta hori da Merchanek idatzi duen liburuaren oinarrian dagoena ere.
«Loinazko San Martin izan da auzolana, bokazioa, maitasuna, errespetua,…» eta hori guztia irudikatzen ahalegindu da, idazlearen beraren bizipenetatik sortutako istorioen bidez, eta argazki zaharrez jantzita.
Liburuarekin, Felipe Davila argazkilari urretxuarrak egindako ikus-entzunezkoa dator. Liburua osatzeko egindako elkarrizketak jasotzen dira bertan.
Liburua eta dokumentala erosi nahi dutenek, Mirentxu liburudendan, Plazape taberan, Argia okindegian eta Larrañaga drogerian dute eskuragarri.