'117' eta 'Complicidad' lanak sarituko ditu Kimetzek 29. kontaketa lehiaketan
Epaimahaiak hartu du erabakia dagoeneko. Ekainaren 16an izango da sari banaketa, 19:00etan, Barrena kultur etxean. 421 lan jaso dituzte aurten.
Kimetz Emakumeen Elkarteak 29. aldiz antolatu du kontaketa lehiaketa aurten. Otsailetik apirilera lanak aurkezteko epea zabaldu zuen elkarteak, eta dagoeneko aukeratu dituzte irabazleak. 421 ipuin jaso dituzte. Euskarazko ipuin onenaren saria Arrigorriagako (Bizkaia) Iskander Hamawy Lopategirentzat izango da, 117 lanarengatik, eta gaztelerazko saria, berriz, Buenos Aires-eko (Argentina) Emilce Mariel Acuñarentzat, Complicidad ipuinarengatik.
Sari banaketa ekainaren 16an egingo dute, Barrena kultur etxean, 19:00etan. Jaso dituzten 421 ipuinetatik, 290 gizonek idatzitakoak izan dira, eta 131 emakumeek idatzitakoak. Euskaraz idatzitakoak 16 izan dira (6 gizonenak, eta 10 emakumerenak), eta gazteleraz idatzitakoak, aldiz, 405 (284 gizonenak eta 121 emakumerenak).
Nazioarteko lehiaketa da. Euskal Herritik 42 ipuin jaso dituzte, Espainiako estatutik 234, Europatik 8, eta Amerikatik 137. Euskal Herriko partaidetzari dagokionez, 5 ipuin Arabatik bidalitakoak izan dira, 11 Bizkaitik, 4 Nafarroatik eta 21 Gipuzkoatik. Ordiziatik, ipuin bakarra jaso dute. Irabazleek hurrengo ostiralean jasoko dituzte sariak.