Ehunmiletako izen-emateak itxi dituzte
Aurten 1.369 dortsal banatu dituzte denera, eta Goierriko Bi Handiak eta MariMurumendi trailetan itxarote-zerrenda dago
Ehunmiletako hiru probetan izena emateko epea agortu da. Atzo amaitu zen tartea eta pasa den edizioan baino korrikalari gehiago arituko dira aurten. Denera, 1.369 dortsal banatu dituzte: MariMurumendi proban 350 partaide ariko dira; 547, Goierriko Bi Handiak trailan, eta 472, Ehunmilak ultra-trailan.
MariMurumendi eta Goierriko Bi Handiak probetan kupoak bete egin dira. Izen-ematea zabaldu eta 48 orduren buruan agortu ziren tokiak. Horregatik, itxarote-zerrenda ere badago: Goierriko Bi Handiak trailan 106 korrikalari eta MariMurumendin 39.
Javi Dominguez (Gasteiz) eta Elena Calvillo (Beasain) iazko Ehunmiletako irabazleek ez dute parte-hartuko proba luzean. Aurten, gasteiztarrak beste helburu bat dauka buruan: Estatu Batuetan jokatuko den Hard Rock Endurance Run lasterketa. Norgehiagoka uztailaren 14an jokatuko da Silvertonen, Coloradon. Ehunmilak eta proba amerikarra senidetuta daude eta bertako proba irabazten duenak datorren urtean han korrika egiteko aukera dauka. Lasterkari beasaindarrari dagokionez, aurtengo edizioan MariMurumendi maratoian aterako da.
Aurten ere hiru egunetan zehar jokatuko dira hiru probak, uztailaren 7, 8 eta 9an.