Lazkaoko kanpoko igerilekua, txiringito eta guzti, bihar zabalduko dute
Lazkaoko kiroldegi goeneko kanpoko igerilekuetan bihar hasiko da udako denboraldia .Edariak, gozokiak eta izozkiak saltzeko etxola kokatu dute .Itzal gehiago ere jarri dute
Bihar irekiko dute Lazkaoko aire libreko igerilekuen denboraldia. Irailaren 10era arte, asteko egun guztietan 11:00etatik 20:30era erabili ahalko dira Barandiaran kiroldegiaren gainaldean dauden bi igerilekuak.
Berrikuntza batzuk egin dituzte. Batetik zizka-mizkak eta edariak saltzeko etxola bat kokatu du udalak. Aldagelen eraikinaren aldamenean jarri dute, eta pertsona batek emango du zerbitzua bertan, denboraldi osoan.
Esleipen deialdi bidez izendatu du ustiatzailea udalak. Harizti Haundi futbol zelaiko tabernaren ardura duen Montaña lazkaotarrak hartu du igerilekukoa ere. Zerbitzua presentziala izango denez, orain arteko salmenta-makinak kendu egingo dituzte.
Itzalkin finkoak ere bai
Edari freskagarriak salduko dituzte etxolan. Alkoholdun edaririk ez da egongo. Kafeak, goxokiak eta izozkiak ere erosi ahalko dira. Aurrez prestatutako janari beroak eta hotzak ere izango dituzte. Txiringitoa bihar zabalduko dute, igerilekuarekin batera, denboraldi bukaerara arte. Egunero, 12:00etatik 20:00etara emango du zerbitzua.
Bestetik, itzala emateko itzalkin finko batzuk ere jarri dituzte. Txillarrezko poste batzuk dira, eta ezin dira lekutik mugitu.
Udako denboraldirako bonu sistema ere zehaztu du Kiroldegiak. Bost bazkidetza-mota daude: banakako heldua (59,75 euro), banakako gaztea (29,70), banakako jubilatua edo pentsioduna (44,75), familiakoa (87,20), eta jubilatu edo pentsiodun familiakoa (65,25). Kiroldegian atera behar da bonua.
Egunerako sarrera arrunta helduarena 5,50 euro, eta 18 urtetik behekoarena 2,95 euroan salduko dute, harreran.
Eskolarteko triatloia antolatu du Antzar taldeak, irekierarako
Lazkaoko Eskolarteko 7. Antzar Triatloia bihar jokatuko da. Ohitura den bezala, kanpoko igerilekuen lehen egunean izango da, estreinaldi modura. Antzar Korrikalariak klubeko Tri-Antzar triatloilarien sailak antolatu du.
Igeriketa, bizikleta korrika probak uztartuko dituzte. Hain zuzen, igerilekuan hasiko da triatloia, 11:00etan. Lehenengo, aurrebenjaminek (2015-2016 urteetan jaioak) erakustaldian parte hartuko dute, ez da lehiakorra izango. Ondoren emango diete irteera lehiaketetakoei, adinka.
Hiru karrera jokatuko dira. Benjaminek (2013-2014 urteetan jaiotakoak) 120 metro igerian, kilometro bat bizikletan eta korrika 600 metro egingo dituzte, 11:15ean hasita. Alebinek (2011-2012) igerian 180 metro, bizikletan 1,7 kilometro eta korrika 900 metro dituzte, 11:30ean hasita.
Azkenik, infantilen lasterketa (2009-2010) 12:00etan hasiko da: igerian 240 metro, bizikletan hiru kilometro eta korrika 1,2 kilometro osatu arte.
Izena bihar eman behar dute haurrek, hasi aurretik. Denek jasoko dute oroigarri bana.