Lazkaon biharko talo salmentaren etekina Herri Urratsentzat izango da
Oin Arin eta Valentziako Alcalans dantza taldeek egingo duten jaialdiaren ondoren, plazan taloak egin eta salduko ditu Jotake Lazkaonek. Ipar Euskal Herriko ikastolen elkartearentzat jardungo dira.
Lazkaoko Jotake talogile taldeak helburu solidarioarekin egingo eta salduko ditu bihar ere taloak. Biharkoan, Herri Urratsentzat dirua biltzeko jardungo dira. Ipar Euskal Herriko ikastolen aldeko urteko jaia, maiatzaren 14an, uholdeek zapuztu zuten. Ia ekitaldi eta ekimen guztiak bertan behera utzi behar izan zituzten. Diru iturria asko murriztu zitzaien, eta beste bide batzuetatik ari dira euskal herritarrak laguntza bideratzen.
Lazkaon bihar herriko Oin Arin taldeak eta Valentziako Montserrateko Alcalans dantza taldeak jaialdia dute, arratsaldean desfilea eta plazan saioak eginda. Ondoren, 19:30 aldera, taloak egingo ditu Jotake taldeak, eta diru etekinak aipatutako helburura bideratuko dituzte. San Benito ikastolarekin harremanetan gauzatuko dute biharko talogintza, eta irakasle batzuk ere ariko dira laguntzen. Herri Urratseko jantziak eta materiala ere salduko dute.