'Mateo misteriotsua' eleberria aurkeztuko du gaur Betzaida Urtazak
Kixket kafetegian izango da aurkezpena, 18:00etan. Urtazaren Amesgile argitaletxeak argitaratu du. Euskal Herrian kokatzen den «liburu sentsoriala» da, trilogia baten lehenengo zatia.
Betzaida Urtaza idazlearen (Legorreta, 1988) Amesgile argitaletxeak Mateo misteriotsua (Anaren itzal ezkutuak) eleberria argitaratu du. Gaur Kixket kafetegian aurkeztuko du lana legorretarrak, 18:00etan. Lua Hidalga Unzueta da egilea, eta Urtazak berak ere parte hartu du, edizioarekin eta zuzenketekin. Gazteleraz ondu dute jatorrian eleberria, eta legorretarrak euskarara itzuli du. Euskarazko eta gaztelerazko bertsioak daude eskuragarri.
Bien arteko «hartu-emanean» sortutako lana dela azaldu du Urtazak. Trilogia baten lehenengo zatia da, eta bost zentzumenak islatzen ahalegindu dira. «Liburu sentsoriala da. Gazia, gozoa eta pikantea». Kulturak, gastronomiak, maitasunak, familiak, musikak eta turismoak «pisu handia» dute eleberrian, eta baita Euskal Herriak ere, bertako txoko ezberdinetan kokatzen baita. Bikote baten istorioa kontatzen du, «edozeinena izan daitekeena», erlazio batean izan daitezkeen egoerak islatuz. Idazleek «erlazio sano baten» haien ikuspegia plazaratu nahi izan dute, eta tabuak albo batean utzi. «Euskal Herrian sexuarekiko eta erromantizismoarekiko dauzkagun tabuak hautsi nahi izan ditugu».
Bigarren eleberria
«Ondo pasatzeko, gozatzeko, 5 zentzumenak esnatzeko eta seigarrena azaleratzeko eleberria» da, sortzaileen esanetan. Amesgilek argitaratzen duen bigarren eleberria da. Lehenengoa Maisha izan zen, hori ere Lua Hidalgaren eskutik. Ondo bidean, datorren urteko udaberri aldera Mateo misteriotsua trilogiaren bigarren zatia kaleratuko dute.
Herritarrak animatu ditu Betzaida Urtazak gaurko aurkezpenera gerturatzera.