«Prest aurkitzen naiz gaurko borrokarako»
Profesional mailako K1 arte martzialean Euskadiko gerrikoa jantzi berri, boxeora jauzia egingo du ‘Guda’k (Beasain, 1989). Gaur gauean, Eibarko Astelena frontoian egingo du estreinaldia.
Euskadiko gerrikoa irabazi berri duzu K1 modalitatean. Zer moduz errekuperatu zara?
Ondo, ondo. Astelehenean gimnasioan nengoen berriro. Hanketan ubeldu batzuk eta pixka bat minduta, baina bestelako arazorik ez eta laster osatu nintzen.
Azken lorpenetik hilabete ez da pasa, eta primizian esan dezake Goierriko Hitzak boxeora egingo duzula jauzi.
Bai, hala da. Profesional mailako K1 modalitatean lehiatu naiz urteetan, eta aspalditik nenbilen boxeoa probatzeko gogoz. Aukera suertatu da, eta gaur amateur mailako boxeo borrokaldi bat egingo dut lehenengoz.
Zertan da bien arteko desberdintasuna?
K1ean, ukabilez gain, hankak ere erabiltzen dira, eta galtza motzetan egiten da borrokaldia. K1ean ez bezala, oinetakoak eta kamiseta ere jantzi beharko ditut, arraro samarra dena niretzat.
Nor izango da zure aurkaria?
Burgos Boxing taldeko Adrian de Lis Santos.
Zein pisutan arituko zarete?
66 kilogramotan sartuko naiz. Pisaketa, gaur bertan egingo dugu. Profesionaletan bezperan egin ohi da eta horrek, borrokarako errekuperatzeko denbora uzten du. Oraingoa, amateur maila denez, borroka baino lau ordu lehenago izango da pisaketa, baina ez dut uste indar arazorik izango dudanik.
Zeintzuk dira borrokarako bestelako baldintzak?
Hiru minutuko hiru borrokaldi izango dira.
Nola ikusten duzu zure burua?
Denbora gutxi pasa da boxeoarekin hasi nintzela, aste batzuk baino ez ditut izan entrenatu ahal izateko eta ukabiletara mugatu beharko dudala mentalizatzeko. Baina prest aurkitzen naiz gaurko borrokarako.
Eibarren izango da borroka.
Astelena frontoian izango da, gaur, 22:30ean. Erakustaldi bikaina izango da, ziur. Beraz, boxeozale guztiak gertura daitezela bertara.