Kulturarteko festa izan dute Ormaiztegin
Kulturarteko festa izan dute Ormaiztegin gaur goizean zehar. Musika, dantza eta munduko 11 txoko desberdinetako janaria giro bikainean.
Kulturarteko festa izan dute gaurkoan Ormaiztegin. Euriak parte-hartzaile guztiak karpa azpian bildu ditu, baina eguraldiak ez du festa gelditu. Musika, dantza eta janaria izan dira nagusi Ormaiztegiko plazan. Munduko 11 txoko desberdinetako kulturak elkartu dira, bakoitza bere lurraldeko janaria dastatzeko aukera emanez bertaratu direnei. Zapore berriak probatzeko aukera bikaina izan dute festako bisitariek, baita beste kultura batzuetako musika eta dantzak ezagutzekoa ere. Festara batu diren ormaitegiarrek beste kulturak ezagutzeko aukera izateaz «eskertuta» daudela adierazi dute eta saltzaileek «ilusioz» bizi izan dute gaurko festa.
Ondorengo lurraldeetako janariak dastatzeko aukera izan dute bertaratu direnek: Burgos, Nigeria, Maroko, Cáceres, Senegal, Kolonbia, Kuba, Venezuela, Madril, Ekuador eta Euskal Herria. Musikari eta dantzari dagokionean, bakoitzak bere lurraldeko dantza tradizionalak eskaini ditu, bertako jantziekin, eta giro apartean igaro dute goiza. Musikariek giroa berotzeko gaitasun ikaragarria azaldu dute eta hala, goiz ederra pasa dute ormaiztegiarrek, kultura desberdinak ezagutzearekin batera.














