1.700 unitatetik gora lortzea izango da erronka biharko azoka solidarioan
Azoka solidarioa egingo da bihar Ordiziako Azokan, 9:30etik 12:00etara. Parte hartzeko azokako bezero gisa produktu ekarpena egin daiteke, edo Lagunkiro elkarteko kideei elikagaien bilketan lagunduta. Egoera zaurgarrian dauden familientzat izango da.
Aurreko asteazkeneko azokako argazkia.// Argazkia: Tere Madinabeitia Biharko Ordiziako Azokan azoka solidarioa egingo da, Kutxa Fundazioak, ArantzazuLab-ek, Lagunkirok, D’elikatuzek eta Ordiziako Udalak elkarlanean antolatuta. Ordiziako Lagunkiro elkarteak hilean behin elikagaiak banatzen ditu egoera zaurgarrian dauden 105 familiaren artean. Zailtasunak izaten dituzte elikagai freskoa jasotzeko, eta hori izango da azoka solidarioaren helburua: azokako produktu freskoak erosi eta bilketa puntuan garaiko barazkiz osatutako saskia betetzea. 1.700 unitatetik gora lortzea izango da erronka.
Arantzazulab-ek eta Kutxa Fundazioak bultzatutako Hitzetatik Ekintzetara egitasmoaren barruan kokatzen da ekimena. Ordiziako Plaza Nagusian izango da, 9:30etik 12:00etara. Parte hartzeko bi aukera daude: azokako bezero gisa produktu ekarpena egitea, edo Lagunkiro elkarteko kideei laguntzea elikagaien bilketan eta antolaketan. Ordiziako ikastetxeetako ikasleek ere parte hartuko dute bilketa lanetan.
Maitane Alvarez alkateordeak azaldu duen bezala, “herritarren parte hartzea beharrezkoa” izango da. “Azokan erosketak egiten dituztenei eskatuko zaie ahal eta nahi duten moduan produktu freskoak erostea beharra duen familiei bideratzeko”. 1.700 unitateko erronka ezarrita, produktuen banaketa egin dute. 288 tipula, 415 azenario, 415 porru, 104 zerba, 415 patata eta 104 letxuga eskuratu nahi dituzte familiei emateko. Horiekin gutxiengo beharrak asetzeko saski homogeneoak osatuko dituzte, baina bestelako produktuak ere esker onez jasoko dituzte.
Herritarrak animatu dituzte parte hartzera. Hitzetatik Ekintzerara egitasmoaren helburuetako bat da herritarrak 2030 Agendarekin inplikatzea, eta aurtengo kezka gaia gose eza izango da, Garapen Jasangarrirako 2. helburua dena.













