Andramendi ikastolak Errigorako produktuak jasoko ditu jantokian
Zazpi ekoizle eta hogei jantoki arituko dira elkarlanean Errigoraren egitasmo berrian. Tartean, Beasaingo Andramendi ikastola
Beasaingo Andramendi ikastolak Errigoraren proiektu berrian parte hartuko du. Errigora ekimenak urteak daramatza Euskal Herriko etxe eta despentsetara Nafarroa erdi eta hegoaldeko nekazari produktuak helarazten, baina oraingoan, ikastola, eskola eta lantegietako jantokietara ere iritsiko dira elikagaiak. Irailean hasiko dira ekimenarekin. Elikagaiak Nafarroa hegoaldeko zazpi ekoizlerenak izango dira.
Urtean behingo kanpainez gain, jantokien dinamikan sartu ezkero euskarari onurak ekar diezaiokeela nabarmendu dute: harreman iraunkor eta egituratuak sortuko dituzte euskal lurraldeen artean, bertako produktuen ekoizpena sustatzea bultzatu modu planifikatuan, eta euskara indartu ekoizleen artean eta kontsumo ohituretan.
Errigorak jakinarazi duenez, ikastola, eskola eta lantegietako jantoki bakoitzak bere filosofia eta kudeaketa izan arren, “beharrizan eta helburu amankomunak” ere badituzte: euskara sustatzea, agerikoena. Hori lortzeko, aukera “ezin hobea” dela agerrarazi dute ekimen hau.
Euskal Herria oinarri eta auzolana lanabes dituen ekimen herritarra da Errigora. Honen helburua euskara ofiziala ez den zonaldeetara iristea da elikagaiak eramanez: euskaratik, euskararako eta euskaraz.
Andramendi ikastolako ikasleek Errigorako produktuak izango dituzte bazkaltzeko irailetik aurrera. Ekimen berriari lotuta iragarki bat atera dute.