Karlismoari buruzko solasaldia eta liburu aurkezpena bihar, Zumalakarregin
Fernando Sanchez Aranaz (Donostia, 1953) idazlearen Carlismo: Memoria de una disidencia liburua aurkeztuko dute bihar Ormaiztegiko Zumalakarregi museoan. Liburua aurkeztearekin batera, idazlearekin berarekin batera solasaldia egingo dute, 18:30ean hasita, museoan bertan.
Karlismoa bi mende iraun zuen mugimendu politikoa izan zen arren, ez du ez gaur egungo gizartean, ezta azterketa historikoetan ere isla handiegirik izan. Karlismoak izan duen eragin urria deigarria iruditu zitzaion Aranazi, eta hortik sortu zitzaion liburu hau idazteko beharra.
Zalantzak argitzeko
Aranazek Karlismoaren ibilbide guztia jaso du aipatutako liburuan, eta bide batez mugimendu politiko honek sortzen dituen hainbat zalantza argitzen ere saiatu da. Aranaz historiagile eta kazetaria ere bada eta gizarte mugimendu, zein kultur kudeaketa alorretan lan egin du, hainbat komunikabideetan kolaboratzeaz gain. Historiari buruzko hainbat liburu argitaratu ditu, baita hiru eleberri edo gizartea, kultura eta turismoa bezalako gaiak lantzen dituzten beste hainbat lan ere bai.
Zumalakarregi museoak hainbat irudi utzi ditu lan hau osatzeko. Solasaldia gaztelaniaz izango dela aurreratu dute, eta interesa duen oro gonbidatu dute.