Ordizia Hiria pala motzeko txapelketa gaur hasiko da
Gipuzkoako txapelketak bukatu dira. Aurten "urte apalagoa" izan dute Oiangukoek txapelei dagokienez, baina "oso urte polita" izan da. Uztailaren 25era arte jokatuko da Ordizia Hiria txapelketa, asteartero.
Gaur hasiko da Ordizia Hiria pala motzeko txapelketa. Uztailaren 25era arte, asteartero 20:00etatik aurrera jokatuko dira txapelketako partidak, Beti Alai pilotalekuan. Gipuzkoako 26 pilotarik parte hartuko dute txapelketan. Talde ezberdinetako pilotariek nahasirik elkarrekin jokatuko dute, eta partidetako irabazleek bakarrik jarraituko dute txapelketan aurrera.
Gipuzkoako txapelketa ofizialak bukatu dira dagoeneko Oianguko pilotarientzat. Pala luzean eta trinketean finalerdietara iritsi zirenek ez zuten finalerako txartela lortu, eta jubeniletan, finalera iritsi arren, ez zuten finala irabazterik izan. Txapelei dagokienez, aurreko urteekin alderatuta “urte apalagoa” izan dela azaldu du Oiangu Pilota Elkarteak, baina “sei gazte berri hasi direla eta beterano batzuek ibilbideari amaiera eman diotela kontuan hartuta, oso urte polita” izan dela.
Uztailaren bukaeran amaituko da denboraldia. Ordizia Hiria txapelketaz gain, ostegunero 19:00etatik aurrera gazteen paleta larruzko txapelketa jokatuko da, pilotari hasi berriz osaturiko bost bikoterekin.