Urte amaierara arte egongo da aktibo Emaktiva programa Goierrin
Enplegurako zailtasunak dituzten emakumeei lana bilatzen laguntzeko programa da. Bakoitzaren beharretara egokitutako ibilbideak lantzen dira.
Emaktiva programa abendura arte aktibo egongo da Goierrin. Parte hartzeko aukera ere ordura arte egongo da irekita. Enplegurako zailtasunak dituzten emakumeei lana bilatzen laguntzeko programa da, Goiekik azaldu bezala, «haien autonomia handitzeko». EDE Fundazioaren programa da. Goierrin, Goiekirekin hitzarmena sinatu zuten martxoan elkarlanerako, Gizarteratzeko eta Laneratzeko ibilbide integratuak, pertsonari egokituak: prestakuntzatik enplegura proiektuaren barruan.
«Gizarte-sentsibilitatea» duten enpresak, erakundeak eta pertsonak bilatzen dituzte, parte hartuko duten emakumeei laneratzen laguntzeko. Euskal enpresa sare batekin lan egingo dute parte hartzen dutenek. Martxotik lanean ari dira herri ezberdinetako hainbat emakumerekin. Goiekiren NBF eraikinean elkartzen dira parte hartzaileak, taldeko ekintzak egiteko. Gizarteratzeko laguntza pertsonalizatuak eskaintzen dituzte, bakoitzaren beharraren arabera. 2023ko lehenengo seihilabetean enplegagarritasun tailerrak, ahalduntze digitala eta harraipen pertsonalizatuak landu dituzte, eta horretan jarraituko dute urte amaierara arte.
Edozein momentutan hasi dezakete ibilbidea parte hartu nahi duten emakumeek, data eta epe zehatzik gabe. Ikuspegi feminista «zeharka» ageri dela azpimarratu du Goiekik: «Enpleguarekin lotutako genero rolak ikusarazi behar dira, enplegurako bidean aurki ditzakegun oztopoak hausteko. Rol horiek emakumeek lan merkatuan duten egoeran eragiten dute».