1.515 unitate biltzea lortu dute gaurko azoka solidarioan
1.700 unitateko erronka ezarri zuten antolatzaileek, eta ia heldu dira kopurura. Egoera zaurgarrian dauden 105 familiaren artean banatuko ditu Lagunkiro elkarteak.
Azoka solidarioa egin da gaur Ordiziako Plaza Nagusian, 9:30etik 12:00etara, Lagunkiro elkarteak, D’elikatuzek, Ordiziako Udalak, Kutxa Fundazioak eta ArantzazuLab-ek elkarlanean antolatuta, Lagunkirok egoera zaurgarrian dauden familientzat hilean behin egiten duen elikagaien bilketarekin bat eginez. Kutxa Fundazioaren eta ArantzazuLab-en Hitzetatik Ekintzetara egitasmoaren barruko ekintza izan da. 1.700 unitate lortzea zen erronka, eta gertu geratu dira, 1.515 unitate lortu baitituzte.
Produktu freskoak lortzeko zailtasunak izaten dituzte, eta hori zuten helburu: ahalik eta produktu fresko gehien lortzea. Lagunkirok egoera zaurgarrian dauden 105 familiaren artean banatuko du bildutakoa. Maitane Alvarez alkateordeak eskerrak eman dizkie parte hartu duten guztiei: “Ederra izan da ordiziarrek eta Ordiziako azokara erosketak egitera etorri direnek izan duten parte hartzea eta eskuzabaltasuna”. Ordiziako ikastetxeetako ikasleek ere parte hartu dute bilketan.
344 tipula, 148 zerba, 184 azenario, kalabaza 1, 75 porru, 135 letxuga, 405 patata, 43 kalabazin, 5 brokoli, 13 azalore, 38 piper, 86 tomate, 20 borraja, 2 baratxuri, 2 espinaka, aza 1, baina 1, 8 erremolatxa eta 4 perrexil bildu dituzte.