Antzarak dantzarako
Oin Arin dantza taldearentzat asteburu lanpetua izan da. Herrialde katalanetako Alcalans folklore taldea hartu zuten larunbatean. Ibarran ere izan dira lazkaotarrak. Igandean, Dantzari Txikiak.
Oin Arin dantza taldeak azken esprint luze bezain emankorrarekin amaitu du ikasturtea. Asteburu betea izan dute, igaro dena. Larunbatean, Herrialde Katalanetako Montserrat herritik iritsitako Alcalans folklore taldeari ongietorria eman zioten. Goizean, Arerian, bi kulturen arteko topaketa egin zuten. Oin Arineko helduek euskal dantzak irakatsi zizkieten valentziarrei, eta haiek Alcalans bailarako tradizio zahar berreskuratuak.
Alcalans dantza taldekoei eta Honorat Gil atabalari eta dultzainari taldekoei harrera instituzionala ere egin zieten, larunbat eguerdian, Lazkaoko udaletxean, jarduneko alkate Kepa Zubiarrainek gidatutako ekitaldian. Topaketa geroratzeko, lepoko zapi bereziak atera dituzte.
Harreraz gain, jarrera irekia eta integratzailea erakutsi dute valentziarrek. Lazkaomendiko Itxurrene jatetxean bazkaldu zuten gero denek eta arratsaldean saio bateratua eskaini zuten, Lazkaoko plazan. Euria hasi zuen erdi aldera, eta oholtzan beste aldera jendea aldatuta, frontoiaren babespean amaitu zuten.
Larunbat gauean Lazkaon hartu zuten ostatu. Ordu txikietara luzatu zuten dantzariek eta musikariek jaia.
Oin Arineko gaztetxoen talde bat Ibarrara (Gipuzkoa) ere joan zen, larunbat arratsaldean. Dantzari gazteen topaketa birako saioa egin zuten han.
Igandean ere dultzainarien joa entzun zen. Dantzari Txiki eguna izan zen. Oin Arinez gain, Aurtzaka (Beasain), Amets Bide (Ordizia), Irrintzi (Zumarraga), Tobera (Zegama-Segura-Zerain-Mutiloa) eta Berriztasuna (Portugalete) aritu ziren.