Elkartasun zaporea izan duen feria, eta lehen lekak erakutsi dituena
Premia duten herritarrei banatzeko produktu freskoak bildu dituzte Ordiziako azokan. Urteko porruak eta ziazerbak ere, sorta ederrak osatuz salgai izan diren daliekin eta lirioekin lehian.
Feria berezia izan da gaurkoa Ordizian, elkartasun kutsu handikoa. «Azoka solidarioa, bertakoa eta freskoa guztiontzat lelopean», Ordiziako 105 premiadun familiei banatzeko jaki freskoen bilketa egin dute goiz osoan zehar, eta herritarren eta herriko ikasleen ekarpenei esker, lote ugari osatzeko adina produktu bildu dituzte.
Kutxa Fundazioak eta ArantzazuLab erakundeak martxan jarritako Hitzetatik ekintzetara egitasmoaren barruan kokatzen zen janari bilketa berezi hori, eta Ordiziako Azoka eta Udalaren eta Lagunkiro elkartearen laguntza izan du.
Elkartasun helburuak mugimendu berezia jarri du Plaza Nagusiko postuen artean, eta salmentak ohi baino handiagoak izan dira. Erostekorik, bestalde, ez zen falta, eta horren barruan baita berritasunak ere.
Lehen lekak, negutegikoak
Berritasunen artean, leka aipatu behar da lehenik. Aramako Lourdes Barojak eta Patxi Arizmendik jarri dute salgai, kiloa 6,5 euroan. Ancare motakoa zen, eta negutegian hazitakoa. Bikote honek, bestalde, laster piperrak ere eramango dituztela agindu dute. Eta piperrak aipatuta, pipermina edo ‘Ibarrako langostinoa’ izan du salgai Mikel Lasak, Erriberakoa (Nafarroa) kiloa 14 euroan.
Produktu berri gehiago ere ikusi dira goizean, urteko lehen ziazerbak, adibidez. Iñaki Intxaustik zituen, kiloa 8 euroan. Ondoan postua duen Arantxa Zurutuzak, berriz, baratxuri buruak zituen (bakoitza 0,60 euroan), eta fruta berri pare bat ere bai, indiar mahatsa eta masusta handia, kiloa 15 euroan, aurreko astean aurkeztu zituen mugurdiak bezala. Urteko porruak ere aipatu behar dira, sorta 2,5 euroan, baita ‘oreja de burro’ deitzen den uraza ere, 0,60 euroan bakoitza, Maria Jesus Oriaren postuan.
Lore ikusgarriak
Barazki eta fruta berriei lehia eginez, lore polit askoak ikusi dira gainera. Arantxa Zurutuzak zituen salgai, eta di-da batean saldu ditu sortak, hain ederrak ziren eta. Oraingoan, kolore laranja eta granateko lirioak eta dalia arrosa, urdin eta gorriak zituen salgai, sorta 5 euroan.
Ez dira feriako lore sorta bakarrak izan, kala zuriak eta hortentsia arrosak ere salgai zituelako Miren Jauregik.
Ziza kopuru handia
Perretxikoetan ez da nobedaderik izan, baina aipagarria izan da ziza kopurua, 300 kilo jarri dituztelako salgai Lasa eta Barcinaren artean (12-40 euro kiloa). Ziza horiak ere bazituzten, 33 kilo (15.20 euro), baita 75 kilo onddo ere (15-28 euro). Plaza barruan, beste lau kilo ziza ere baziren, kiloa 30 euroan.