Xabier Isasa: Txekiatik Esloveniako itzulira
Xabier Isasa txirrindulari urretxuarrak Bakearen Lasterketan parte hartu zuen joan zen astean eta gaurtik igandera bitartean Esloveniako itzulian arituko da
Xabier Isasa txirrindulari urretxuarra bigarren denboraldia egiten ari da profesional mailan, Euskaltel-Euskadi taldearekin. Herrialde asko ezagutzeko eta munduko txirrindulari onenetako batzuekin aritzeko aukera eduki du. Joan zen astean Txekian antolatzen duten Bakearen Lasterketan parte hartu zuen eta gaurtik igandera bitartean Esloveniako itzulian parte hartuko du.
Isasak Espainiako selekzioarekin parte hartu du Bakearen Lasterketan. «23 urte azpikoentzat antolatzen diren lasterketen artean, onenetako bat da. Gure adinekoekin aritzeko aukera ematen digu».
Isasa gustura aritu da. Atariko erlojupekoan, Espainiako selekzioarekin aritu ziren txirrindularien artean, onena izan zen. Sailkapen nagusian 31. postuan sailkatu da. Espainiako selekzioko bigarren onena izan da. Sailkapen nagusia Antoine Huby frantziarrak irabazi du.
Esloveniako itzulian, berriz, Euskaltel-Euskadi taldearekin arituko da. «Itzuli gogorra da. Egunero aldapa asko igo beharko ditugu».
Egungo txirrindulari onena, Tadej Pogacar, esloveniarra da. Urtero parte hartzen du bere herrialdeko itzulian, baina aurten ez du parte hartuko. Erorketa izan zuen Liege-Bastogne-Liege klasikoan eta oraindik ez da lasterketetara itzuli.
Oraingoan Isasak ez du, beraz, munduko txirrindulari onenarekin aritzeko aukerarik izango. Baina otsailean bere ondoan aritzeko aukera izan zuen: Andaluziako itzulian, hain zuzen ere. Egun batzuk geroago, Galiziako O Gran Camiño itzulian aritu zen, Jonas Vingegaardekin.
Pogacar eta Vingegaard Tourreko azken bi irabazleak dira eta Andaluziako itzulia eta O Gran Camiño beraiek irabazi zituzten. «Egia esan, lasterketetan ez ditut asko ikusten. Nahi dutenean, aurrera joaten dira. Ezin dugu gure burua beraiekin konparatu, baina ilusioa egiten du beraiekin ibiltzeak. Beraien nagusitasuna gehiegizkoa da, baina ikusleentzat oso ikusgarriak dira», aipatu du.
Aurten ere, Vingegaard de Pogacar Tourra irabazteko faborito nagusiak dira. Lasterketa Euskal Herritik abiatzen da eta Isasa lehen hiru etapak ikustera joango da, noski. «Esloveniako itzuliaren ondoren, Espainiako txapelketan parte hartuko dudala uste dut. Tourreko lehenengo etapen ondoren, Sierra Nevadara joango naiz, altueran entrenatzera», azaldu du.
Kontratua aurten bukatzen zaio, baina Euskaltel-Euskadin jarraituko duela uste du. «Taldean oso gustura nago eta ez dut arazorik izango jarraitzeko. Gustura nabil. Iaz baino esperientzia gehiago dut eta badakit lasterketak nolakoak izango diren. Klasikoen garaian gaixo egon nintzen eta hemendik aurrera hobeto ibiltzea espero dut. Profesional mailan espezializatu beharra dago eta nire tokia bilatzen ari naiz».













