Troiko Exminesa meatzeko langile ohiek juntadizoa dute, itxi zenetik 30 urtera
Liernin bazkaria egingo dute, zapatuan, meatzean, garbilekuan eta bulegoetan ibili zirenek. Ia 50 lagun elkartuko dira. Egunotan da Exminesa enpresa itxi zuteneko urteurrena. 1989an egin zuten grebaren bideoa dago ikusgai albiste barruan.
Mutiloako eta Gabiriako Troiko meategi eremuan 1986tik 1993ra ustiatu zuen meatzea Exminesa enpresak. Duela 30 urteko ekainaren erdi aldera itxi zuten behin betiko enpresa, eta bertan behera utzi zuten meategia, zenbait instalazio eta material desmuntatu ondoren. Han lan egin zuten meatzari, bulegari eta garbilekuko langile ohiek larunbatean egingo dute juntadizoa.
Meategia itxi zeneko 30. urteurrena gogoratu, eta zazpi urtetan han bizi izandakoak gogoratuko dituzte. Lehen ere egin izan dituzte bazkariak, batez ere meatzarien zaindari Santa Barbara (abenduak 4) inguruan. Baina aspaldian elkartu gabeak ziren.
Arlo guztietako lankideak
Larunbatean, Lierniko Mujika jatetxean –meategietatik ez oso urruti– bazkaria egingo dute. Ia 50 lagun bilduko dira –atzo 46 zeuden baieztatuta, baina litekeena da bakarren ba gehiago izatea–. 13:30ean elkartuko dira, Liernin bertan, eta bazkaria 14:45ean hasiko da. Taldeko argazkia ere aterako dute.
Deialdiaren erantzunarekin gustura dira bazkariaren antolatzaileak. «Oso ondo atera da, egia esateko. Jendeak erantzun du, ideia polita iruditu zaio. Izena eman duen kopuruarekin gustura gaude. Gainera, politena da arlo guztietako eta langintza denetako lankide ohiak elkartuko garela: garbilekukoak, meatzariak, bulegoetakoak…».
1989ko grebako bideoa webgunean
Exminesaren Troiko meategia iraganeko gauza da, baina oraindik oroitzapenak, testigantzak eta hango lan egiteko erak bizi-bizirik daude. Azken egunotan, 1989an egindako greba bateko bideo irudiak eskuratu ditu egunkari honek.