«Aterkiak seguru sentiarazten gaitu»
Itziar de la Granjak (Donostia, 1970) ‘Inklusioaren Aterkia’ proiektua abiatu du Ormaiztegin. Goierriko beste zazpi herritara ere eramango du. Inklusioan eragitea da proiektuaren helburua.
Donostiarra zara jaiotzez. Zenbat urte daramatzazu Zegaman?
Hamabost urte beteko dira aurten. Donostian ostalaritzan egiten nuen lan, baina bizimoduz aldatzeko gogoz nengoen. Arte Ederrak ikasi nuen, baina ordura arte albo batera utzia nuen. Une bat iritsi zen, non sen hori suspertu zitzaidan berriz, eta nolabaiteko eragin izan zuen nigan. Ama Zegaman jaioa zen eta haurra nintzenetik izan dut nolabaiteko lotura herriarekin. Donostian dena utzi eta familiarekin Zegamara etortzeko erabakia hartu genuen.
Aldaketa erabatekoa izan zen.
Bai, bizimodua oso bestelakoa da herri txiki batean, baina era berean errazagoa ere bai. Hemen nire bizitzan norabide berri bati ekiteko aukera izan nuen. Hala ere, zerotik hasi beharra izan nuen. Hasieran ez zen erraza izan, baina ez dut damurik.
Zure ibilbide artistikoa Zegaman hasi zela esan daiteke?
Aurretik artearen inguruko ikastaroak emanak nituen, eta Zegaman berriro ekin nion bide horri. Margotzen hasi nintzen berriz, ikasten jarraitu nuen eta batez ere nire buruarengan berriz konfiantza hartzen. Bertako hainbat ikaslek —adinekoak— saskigintza erakutsi zidaten eta erabat harrapatu ninduen. Gaur egun, klaseak emateaz gain, zumez egindako produktuak diseinatzen eta saltzen egiten dut lan.
Saskigintzarekin zerikusi handia du Arteriaren lehiaketan saritua izan zen Inklusioaren Aterkia zure proiektuak. Nola sortzen da?
Arteriaren bitartez, Euskal Herriko Unibertsitatea egiten ari den ikerketa baten berri izan nuen, baztertze arriskuan dauden taldeek jarduera artistikoaren parte izateko duten eskubideari buruzkoa. Hainbat hausnarketa egiteko bidea eskaini zidan ikerketak eta horiei tiraka aterkiaren ideia irudikatzen hasi nintzen. Arteriako lehiaketara aurkeztu nuen eta espero ez nuen arren, irabazi egin nuen.
Zergatik aterki bat?
Aterkiak hiru ideia nagusi barnebiltzen ditu: batetik, babesten gaituen objektu bat da eta bestetik, estalpea ere bada, seguru sentiarazten gaitu. Aterkia beste norbaitekin partekatu daitekeen zerbait da, eta era berean, eskutik eskura pasa daiteke. Transmisioaren ideia hori gustatu zitzaidan, ustez sistematik at dauden horiengana iristeko modu bat bezala ulertuta.
Ormaiztegin abiatu zen pasa den astean proiektua.
Kolektibo ezberdinetako kideak elkartuta, aterkia osatuko duten zortzi hirukietako bat egin genuen. Zumezko aterkia izango da, habia izeneko teknikarekin egindakoa. Zumea harilkatuz korapiloak egiten joango gara, gizartearen aniztasunaren ispilu izango da. Aniztasun horren adierazgarri, kolore ezberdinetako zumeak erabiliko ditugu.
Hurrengo geltokiak zeintzuk izango dira?
Urretxu, Zumarraga, Ordizia, Beasain, Segura eta Zegaman izango gara oraingoz. Behin, hiruki guztiak eginda, azken egunean denak elkartu eta muntaia egitea da ideia. Aterkia udalerri batean kokatzea gustatuko litzaidake, ea udalen batek interesa agertzen duen.