Gi2030 festibala egingo dute uztailaren 1ean Zegaman
Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatutako Gipuzkoa Irudikatuz 2030 egitasmoaren ikerketa ekintza bat da, eta EHUk gidatuko du herritarrekin eta gizarte eragileekin batera.
Gi2030 festibalaren lehen edizioa ospatuko da uztailaren 1ean Zegaman, lankidetzazko gobernantzari buruzko hausnarketa campusetik harago bultzatzeko. Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatutako Gipuzkoa Irudikatuz 2030 egitasmoaren ikerketa ekintza bat da festibala, eta EHUk gidatuko du herritarrekin eta gizarte eragileekin batera, Gipuzkoak 2030 Agendari aurre egiteko dituen erronken eta gaitasunen ikuspegi partekatua izateko. Bigarren saio bat ere izango da, uztailaren 8an Itziarren.
Antonio Casado Gi2030eko ikertzaile nagusiaren esanetan, “lurraldearen ikuspegi partekatua sortzea prozesu konplexua da. Metodologia desberdinen bidez, lurraldearen erronkei buruz sortzen den ezagutza akademikoa, erakundeekin eta herritarrekin harremanetan jarri nahi dugu. EHUkultura programaren barnean, festibala aukera berri bat da 2030erako irudikatzen ditugun Gipuzkoari buruzko elkarrizketak hasteko”.
Festibalaren lehen jardunaldia uztailaren 1ean izango da, 17:00etatik 20:00etara, Zegaman, eta unibertsitate-kultura campusetatik harago zabaltzea eta aberastea izango du helburu. Premisa horren pean, Iñaki Zabaleta Gorrotxategi irakasleak Joxe Azurmendiren bizitzaz eta obraz hitz egingo du. Ondoren, Bitoriano Gandiagaren poemen edizio elebidun berria partekatuko da, Aktiba ikerketa taldeak Jakin Fundazioarekin elkarlanean egindakoa. Jardunaldiaren amaiera artistikoa Morau eta Beñardo musikariek egingo dute, eta haien azken lana aurkeztuko dute: Ardo (Gaztelupeko Hotsak, 2022).
Ekitaldia doan da, baina antolatzaileek aurrez izena emateko eskatzen dute https://gi2030.eus/ plataformaren bidez.