Goilurrak Rallya bihar-etzi jokatuko da, iraupen eta luzera sabaiak goratuta
Lazkao-Olaberria erlojupekoarekin hasiko da bihar bi eguneko auto lasterketa. Larunbatean hamar zati gehiago jokatuko dira, Goierriko eta Urola Erdiko errepideetan. 68 auto lehiatuko dira.
Guztira 443 kilometro, hamaika erlojupeko, 125,5 kilometro kronoaren aurka, bi egun eta hamahiru ordu eta erdiko gidaritza ikuskizuna. Zenbakiak hazten segitzen du Goilurrak Rallyak. Bihar eta etzi jokatuko da bosgarren ekitaldia. Iaz erraldoia antoaltu bazuten Ikullu Racing eta Errebueltie eskuderiek, aurten oro har 41 kilometro gehiago eta erlojupean 10 kilometro gehiago izango dituzte.
Motor festarekin hasiko da bihar Lazkaon. 17:00etatik aurrera, lehiaketarako izena emanda dauden autoen egitaztapenak egingo dituzte, plazan. Atzo arte 68 zeuden, eta bihar itxiko dute epea. Oier Mendizabal DJak alaituko du giroa 19:30ean.
Biharkoa aho gozagarri bat besterik ez da. Lazkaotik Olaberriara, Ojarbiko herribidetik Idiazabalera jokatuko da zatia. Zubierreka industrialdean jarriko dute asistentzia eremua.
Rallyaren mardulena larunbatean da, bigarren sekzioan hamar erlojupeko zati jokatuko baitira, Goierriko eta inguruko errepideetan. Goiz arrankatuko ditu rallyak motoreak, 07:30ean.
Zapatu goizerako lau zati programatu dituzte. Lehena eta hirugarrena Bergaratik abiatuko da, Elosu auzoa igaro, eta Azkoitian bukatuko da. Bigarren eta laugarren zatiak Zestoan hasiko dira, Endoiara igo, eta Madariaga gainean bukatu (Azkarateko portutik gertu).
Zumarragan bat egingo dute eguerdian partaide guztiek, Zelai Arizti parkean (Euskadi enparantzatik aldatu egin dute lekua). Arratsaldea erabakigarria suertatuko da; Legazpi-Gabiria-Ormaiztegi-Mutiloa, eta Zerain-Zegama bideak hiruna aldiz igaroko dituzte partaideek.
Errepideak itxita
Motxorrotik (Legazpi) abiatu, eta Atagoiti igota Gabiria zeharkatuko dute zati batean, hiru aldiz. Ormaiztegirantz goiko errepidetik jaitsi, Lierniko bidegurutzean 180 graduko bira hartu, Lierni igo, eta Mutiloako sarreran amaituko da.
Zegamako zatia, berriz, Kaleko ondotik abiatuko da, Barbari auzo aldera igotzeko. Zerainen, Otatza aldean bukatuko dute.
Rallyan erabiliko dituzten errepideak erabat itxiko dituzte zirkulazioarentzat: Motxorro-Gabiria-Lierni-Mutiloa 14:50etik 21:00etara, eta Zegama-Barbari-Zerain 15:15etik 21:30era itxita. Norbaitek bien bitarte horretan irten beharrik badute, antolakuntzakoei hots egin behar die.
V. GOILURRAK RALLYA
BIHAR
SSS1. Lazkao-Olaberria-Idiazabal. 6,79 km. 21:30ean hasita.
LARUNBATA
TC1. Bergara. 15,03 km. 08:30ean.
TC2. Zestoa. 14,58 km. 09:15ean.
Azkoitian bateratzea
TC3. Bergara. 15,03 km. 11:35ean.
TC4. Zestoa. 14,58 km. 12:20an.
Zumarragan bateratzea
TC5. Motxorro-Mutiloa. 13,50 km, ‘power stage’ berezia. 15:50.
TC6. Zegama. 6,88 km. 16:15ean.
Lazkaon bateratzea
TC7. Motxorro-Mutiloa. 13,50 km. 17:35ean.
TC8. Zegama. 6,88 km. 18:00etan.
Lazkaon bateratzea
TC9. Motxorro-Mutiloa. 13,50 km. 19:20an
TC10. Zegama. 6,88 km. 19:45ean
Lazkaon bukaera eta sariak