Lazkaotik Olaberrirako errepidea itxi egingo dute ostiral iluntzean, rallyak eraginda
San Jose kaletik Olaberriarantz doan Gi-3560 zirkulazioarentzat itxita egongo da ostiralean 20:00etatik 23:00etara. Mikelar, Santa Magdalena, San Jose eta San Prudentzio auzoetan ere eragingo du auto lasterketak.
Lazkaon bihar, ekainak 16, hasiko da V. Goilurrak Rallya. Iluntze-gau partekoa izango da lehiaketako lehen erlojupeko lasterketa, 20:00etan hasita. Autoak Lazkaon abiatuko dira, Olaberria gainera igo, eta han Ojarbi baserrirantz hartuko dute, ezkerrera. Idiazabalgo Katea auzora jaitsita bukatuko dute zatia.
Hori dela eta, zirkulazio orokorrarentzat itxita egongo da Lazkao-Olaberria Gi-3560 errepidea. 20:00etatik 23:00etara, ezingo da autoarekin han ibili.
Errepide hori ixteak eragina ekarriko du Mikelar, Santa Magdalena, San Jose eta San Prudentzio auzoetako sarreretan ere. Lazkaoko Udaltzaingoak aurreratu duenez, honako aldaketak egingo dituzte bihar iluntzean:
- San Prudentzio auzora ibilgailuarekin sartzeko edo handik ateratzeko, Zelata auzotik San Prudentzioko ermitara doan bidetik joan beharko da.
- Mikelar, Santa Magdalena edo San Josera iristeko, Mikelar kaletik iritsi ahalko da (Untzindegi baserriaren parean, Mikelar 5-6 etxearen atzetik (Aranbeltz etxea).
- San Jose auzoko sarrera eta irteera Santa Magdalenatik jarriko dute, kalea bi norabideko bihurtuta.
- Garajeak. Ibilbidean dauden garajeak ezingo dira erabili rallya jokatzen ari den bitartean.
- Aparkalekuak. Santa Madalena eta San Prudentzio auzoetan dauden hainbat aparkaleku (zirkuituaren parean) hutsik utzi beharko dira.
Egindako aldaketei, jarritako seinaleei eta udaltzainek emandako jarraibideei arretaz kasu egiteko eskatu dute.