Makulu Ken erritmora
Igartza musika zikloaren azken kontzertua izango da gaur arratsaldean, Erauskin plazan 19:30ean. Udan sartzear, afrobeat erritmo dantzagarriak ekarriko ditu Makulu Ken taldeak.
Makulu Ken taldearen doinu dantzagarriekin amaituko da aurtengo Igartza Musika Zikloa. Orotariko estiloak bildu ditu aurtengo ekitaldiak. Kontzertu liriko batekin ireki zuten urtarrilaren 22an, eta afrobeat erritmoekin itxiko dute, gaur arratsaldean. Ohiko eszenatokitik aterako dira, gainera: Igartzako jauregitik, kalera. Erauskin plazan izango da emanaldia.
Lasarteko taldea da Makulu Ken, baina Beasainekin lotura estua du: Eider Ormazabal (shekerea eta ahotsa) lasartearra Beasainen bizi da azkeneko urteetan. Guztira, bederatzi lagunek osatzen dute Makulu Ken proiektua: Xabi Herrera (gitarra eta ahotsa), Eider Ormazabal (shekerea eta ahotsa), Bea Hurtado (teklatuak), Iñigo Suberbiola (perkusioa), Unai Andres (baxua), Julen Rodriguez (tronpeta), Ixak Oiarzabal (saxofoia), Pau Torres (saxofoia) eta Nagore Etxabe (bateria). Dena den, diskoan eta zuzeneko kontzertuetan beste lau kide gehiago lagun izaten dituzte, hiru haizezko instrumentu jotzaile eta beste baxu bat…
2007an sortutako taldea
2007. urtean sortu zuten taldea, «une hartan horrelako ibilbide luzea hasiko genuenik pentsatu gabe» adierazi du Ormazabalek. «Oholtza gustuko eta ondo pasatzeko gogoa» zuten eta halaxe hasi ziren.
Harrezkero, Afrobeat musikaren erritmora, taldekideek «euskalafrobeat» deitzen dutena, jarri dituzte kantuan eta dantzan ehunka pertsona, han eta hemen. Plaza askotan ibilitakoak, besteak beste Iruñeko sanferminetan, Gasteizko Gaztetxean, Jazzarrean Festibalean, Errekaleorren, Orioko Kilometroak jaialdian, Herri Urratsean, Donostiako Tabakaleran, Donostiako Kafe Antzoki Dokan eta Dabadaban, Bilboko Kafe Antzokian, Lekunberrin, Hazparnen, Gernikan, Irunberrin, Hernanin, Leitzan, Carcaixenten, Eivissan, Formenteran,… «Guzti-guztiak zerrendatzea ezinezkoa da».
Ibilbide luze honetan bi disko ere kaleratu dituzte, 2012an aurkeztu zuten lehen disko homonimoa, eta 2016an Kale kale izeneko bigarrena.
Kritika soziala lantzen dute kantuetan: «Injustiziak, telefono mugikorrekiko dependentzia… umorea falta gabe». Udan sartzeko egun gutxiren faltan, Makulu Ken taldearen erritmora dantza egitera inguratzeko gonbita eginez bukatu du Ormazabalek.