Ohi baino garaizago ospatuko dituzte San Pedro jaiak Ezkion
Tourra eta Santa Isabel jaiak izan dira ospakizuna aurreratzeko arrazoia. 136 pertsona bilduko dira herri bazkarian. San Pedro egunean ohiko programazioa egongo da.
Ezkioko Santa Lutzi eta Anduaga auzoetako San Pedro jaiak ohi baino aurreratuago ospatuko dituzte aurten, Ezkion. Bihar eta larunbatean izango da egitarauaren mardulaz gozatzeko aukera. Santuari, ordea, ez diote bizkarrik emango, eta ekainaren 29an, San Pedro egunez, urteroko programazioari eutsiko diote; aurten, ostegunarekin.
Tourra eta Zumarragako Santa Isabel jaiak izan dira jaiak aurreratzeko arrazoi nagusiak, festa batzordetik adierazi dutenez. «Bereziki, Alex Aranburu herritarrak parte hartzen badu, herritar asko joango baita Tourrera hura animatzera», zehaztu dute.
Bizilagunak batzeko festa
Guztiarekin, dena prest dute dagoeneko, festa asteburuari ekiteko. «Adin tarte eta gustu guztietarako» ekintzak antolatzea izan da batzordearen helburu nagusia. Beheko auzoetako jaiak izanagatik, ezkiotar guztiak biltzeko aitzakia izan ohi dira jaiak, «San Migelak bezala». Hala, larunbateko herri bazkaria jendetsua izango da: «136 bizilagunek eman dute izena».
Azpimarratzeko beste ekintzen artean, biharko sagardo dastaketa dago. Berrikuntza modura, aurten herriko sagardogileei euren sagardoa eskaintzeko aukera luzatu diete. Atzo itxi zen izena emateko epea, eta «zortzi edo hamar bat sagardogilek» parte hartuko dutela aurreratu dute.
San Pedro egunean, ohiko festa
San Pedro egunerako, ekainaren 29arako, ohiko programazioa antolatu dute. Meza nagusiarekin hasiko dute eguna, 11:00etan. Ondoren, luntxa izango da. 17:30ean, haurrentzako jolasak izango dira; 18:00an, txokolatada eta amaitzeko; 19:00etatik aurrera auzotarren patata tortilla lehiaketa.
EGITARAUA
BIHAR
- 18:00. Txupinazoa. Jarraian, herriko sagardogileen sagardo dastaketa musikarekin lagunduta.
- 21:00. Ogitartekoak Ganbara guraso elkartearen eskutik.
- 21:30. Mus txapelketa.
- 23:00. Erromeria Mugi panderoa taldearekin.
ETZI
- 11:30. Haurrentzako toka.
- 12:30. Helduentzako toka.
- 13:00. Poteoa trikitilariekin.
- 14:30. Herri bazkaria eta bingoa.
- 17:30. Zirku tailerra.
- Iluntzean. Ogitartekoak eskuragarri.
- 23:00. Iratzar musika taldearen emanaldia.