Urak Aizkorrin izan duen eragina aztertzeko ibilaldia, igandean
Anduetza parketxeak antolatu du ibilaldia. Uraz baliatu beharrak paisaian izandako eragina aztertuko dute. Irteera 8:00etan izango da, igandean, Anduetzatik bertatik.
Naturaren osagai ezinbestekoa den ura gai hartuta, Zegaman eta inguruetan urak markatutako bideak ikusteko ibilaldi gidatua antolatu du igande honetarako Anduetza parketxeak, Uraren bideari jarraituz izenburupean.
Anduetzatik adieraz bezala, «ura izadian agertu eta bere ondorioak uzten dituen fenomeno nabarmena da». Mendian, adibidez, makina bat leku eta egoeretan azaldu ohi da. Igande honetarako antolatu duten ibilaldian horietako bat bete-betean ezagutzeko eta ikusteko aukera izango da, askorentzat «ezezaguna eta bitxia izango den» ur gaziaren iturburu bat sartu baitute egin beharreko bidean.
Uraren eragina naturan
Beste alde batetik, «urak goitik behera amiltzen duen indarra ere erabili izan da aspaldidanik; argindarra etorri da hortik, esate baterako», eta Zegaman bada hori erakusteko moduko lekukotzarik.
Urak naturan dituen eraginen zerrendan, «erliebearen forma batzuk sortu eta osatzeko indarra ere» baduela azpimarratu dute parketxetik. Baina era berean, «berak ere moldatu beharra dauka orografiaren kapritxoetara», zehaztu dute. Dinamika horrek Zegama eta inguruetako orografia malkartsuetan «eragin handia» duela diote eta horregatik, «interesgarria» iruditu zaie Aizkorri alderik alde zeharkatzen duen uraren banalerroan hori erakustea.
Ibilaldiari 8:00etan emango diote hasiera Anduetzan bertan. Aizkorri magalean zeharreko txangoa izango da, Aizkorri-Aratz natura parkearen eremuan. Amaiera 14:00ak aldera izango da. Informazio gehiagorako edo izen emateko anduetza@gipuzkoanatura.eus-en edo 688 623 609an galde daiteke.