Urrup antzerki taldearen 'Si ellas hablaran' antzerkia Usurbe Antzokian
Ana Martinez aktoreak sortu eta idatzitako antzezlana da, "kontzientziak astindu eta irribarreak ateratzeko" helburuarekin. Ostiralean 20:30ean izango da emankizuna.
Urrup antzerki taldeak Si ellas hablaran antzezlana interpretatuko du, gaur, Usurbe Antzokian, 20:30ean. Ekitaldi hau Beasaingo Udaleko berdintasun sailak antolatu du. Sarrerak salgai daude Usurbe Antzokiko txarteldegian eta webgune ofizialean ere.
Si ellas hablaran, Ana Martinez Urrupeko aktoreak, Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira sortu eta idatzitako antzezlana da eta «kontzientziak astintzea eta irribarreak ateratzea» du helburu. Antzezlanak estreinaldi arrakastatsua izan zuen Ordiziako Herri Antzokian martxoan. Beasainen ere antzeko harrera izatea espero dute.
Rosa Rojok zuzenduta Lucia Hurtado, Marisol Cavero, Ana Martinez eta Maialen de Carlosek eramango dute obraren pisua, pertsonaia nagusiei bizia emanda. Haiekin batera, Gorka Lariz, Juan Manuel Pecharroman, Izaro Paredes eta Jose Luis Elorza re igoko dira oholtzara.
Sinopsia
Ekoiztetxe batek casting bat antolatu du bere programa berrian kolaboratzaileak topatzeko eta bertara aurkeztuko diren emakumeak literaturaren historiako protagonista ospetsuak izango dira. Bakoitza bere presentziaren zergatia argudiatzen ahaleginduko da, hipokrisia, pederastia, lan-diskriminazioa, prostituzioa edota genero-indarkeria bezalako gai arantzatsuak jorratu nahian. Ez da, baina, casting soil bat izango.