VI. Soinua Iratzarri kontzertua egingo dute bihar Urdanetako ikasleek
Euskal Herriko Musika Bulego Elkartearen Soinua Iratzarri hezkuntza-sentsibilizazio proiektuan parte hartu dute aurten LH 5. mailakoek. Otsailetik ekainera sortutakoa aurkeztuko dute.
Urdaneta eskolako Lehen Hezkuntzako 5. mailako ikasleek VI. Soinua Iratzarri amaiera kontzertua egingo dute bihar, Ordiziako Herri Antzokian, 11:30ean. Euskal Herriko Musika Bulego Elkarteak antolatzen du Soinua Iratzarri hezkuntza-sentsibilizaziorako proiektua, eta urtero bi ikastetxerekin kolaboratzen dute. Aurten Gasteizko Olabide ikastolarekin eta Ordiziako Urdaneta ikastetxearekin egin dute ekimena. Gasteizko ikasleek ekainaren 9an aurkeztu zuten landutakoa Gasteizen, eta bihar, Ordiziakoen txanda izango da.
Musika garaikide laborategi batean parte hartu dute 10 eta 12 urte arteko ikasleek otsailetik ekainera. Garazi Zabaleta beasaindar eta Xabier Otaolea bilbotar musikagileekin eskuz esku lan egiteko aukera izan dute, Maite Bilbaoren ikuskapen pedagogikoarekin, sorkuntza tailer ezberdinetan. Biharko kontzertuan, sortutako piezak aurkeztuko dituzte talde instrumental batekin batera. Xabier Kaltzada (flauta), Sergio Barranco (klarinetea), Maddi Arana (biolina), Estibaliz Oraa (biolontxeloa), Ane Urbizu (akordeoia) eta Gorka Saez de Ibarra (perkusioa) musikagile profesionalekin batera egingo dute ikasleek emanaldia. Proiektuaren helburua haurrei musika garaikidea ezagutaraztea da. Kontzerturako sarrera librea da, edukiera betetzen den arte.
2019tik martxan
Musikagileak Elkarteak Donostia 2016ren babesean sortu zuen proiektua. Musika Bulegoak antolatzen du 2019tik.