Ordiziako atletismo mitineko kartela Donostiako markesinetan
San Joan egunez, ekainaren 24an, jokatuko da aurten Txindoki Atletismo Taldeak antolatutako Jose Antonio Peña mitina. Puntako korrikalari baten partaidetza ere iragarri du klubak.
Sustapen lan handia egiten ari dira Txindoki Atletismo Taldekoak larunbatean Ordiziako Altamira estadioan jokatuko den Jose Antonio Peña mitina iragartzeko. Donostiako hainbat autobus markesinetan jarria dago atletismo topaketa iragartzeko kartela, bai Bulebarrean bai Kontxa inguruan.
Jose Antonio Peñaren oroimenezko zazpigarren mitina San Joan egunez jokatuko da aurten, 18:00etan hasita. Lehen hiru gizonezko eta emakumeentzako diru-sariak egongo dira, eta munduko errekorren bat hobetzen badu norbaitek Audi markako auto bat izango du saritzat.
Dagoeneko iragarri du Txindoki klubak puntako partaide baten izena. Eugene Amo-Dadzie britainiarra da hori. Ekainaren 16an, Graz-en (Austria), 9:93 egin zuen 100 metrokoan (urteko Europako markarik onena eta munduko hamahirugarrena).