Idiazabal musikaz blai
Berpiztu lehendabiziko musika jaialdia antolatu dute Idiazabalen. Uztailaren 1ean izango da eskolako patioan. ‘Oi!’ musika izango dute oinarrian taldeek.
Antzar Crew elkarteak antolatuta, lehendabiziko Berpiztu musika jaialdia egingo dute Idiazabalen datorren uztailaren 1ean. Oi! musika izango du ardatz jaialdiak eta bost talde arituko dira Aita Iparragirre eskolako patioan egokituko duten taula gainean. 20:00etan emango diote hasiera jaialdiari eta goizaldeko 2:00ak alderako amaitzea aurreikusi dute antolatzaileek.
Antzar Crew elkarteko Julen Iparragirrek aurreratu duenez, «lagun talde bat gara, musikarekiko zaletasunak batu gaituena». Kontzertuetara joateko ohitura dutela esan du Iparragirrek, baina kanpoan, «Idiazabalen ez da mota honetako musika kontzerturik batere antolatzen»; zehaztu du. Horregatik, herrian bertan jaialdi bat antolatzea «ideia polita» iruditu zitzaien. Iazko abenduan hasi ziren biltzen. «Lehendabiziko bilera haietan hasi ginen zer egin nahi genuen zehazten. Antzar Crew elkartea ere orduan sortu genuen, jaialdia antolatzeko aitzakian», esan du Iparragirrek. Hasieran hilean behin egiten zituzten bilerak, orain astero elkartzen direla aitortu du.
Bost taldek hartuko dute parte jaialdian: «Sofokaos eta The Dilingers nafarrak, The Ianitors frantsesak —taula gainean urte askotako esperientzia duen taldea da—, Hell Beer Boys beasaindarrak eta Kaleko Urdangak bergararrak.
Ogitartekoak afaltzeko
Antzar Crew elkarteko kideei «musika orokorrean» gustatzen zaien arren, antolatu duten jaialdiak «Oi! musika estiloa» izango du oinarrian. Oi! musika rock-aren aldaera bat da, batez ere, punk rock, ska edo pub rock delakotik eratorria.
Sarrerak dagoeneko salgai daude Idiazabalgo Hodei tabernan, Beasaingo Irizar tabernan, Etxarri-Arantzeko (Nafarroa) Xapatero tabernan eta entradium.com web gunean. Aldez aurretik 16 euro, eta bertan 20 eurotan salduko dira. Oraingoz, «gustura» daude saldutako sarrera kopuruarekin, «azken egun hauetan hasi da, batez ere, salmenta mugitzen», esan du Iparragirrek. Hasieran food truck-ak ekartzekoak ziren arren, ogitartekoak jarriko dituzte salgai kontzertu gunean, afaltzeko orduan.
Lehendabiziko jaialdia izanik, dena «ondo irtetea» eta «egindako gastuak estaltzeko lain» ateratzea dira antolatzaileen helburu nagusiak. Bide batez, bertaratzeko deia egin diete Idiazabalgo eta inguruko musikazale guztiei.