Ixiar Eratsun saritua izan da Madrilgo Euskal Etxeko poesia lehiaketan
"Heriotza erditu, baina bizitzari heldu" izena du olerkiak. Sistema kapitalistak eragindako ondorioen inguruan hausnartu du
Ixiar Eratsun Urtzelaietak saria irabazi du Madrilgo Euskal Etxean egindako poesia lehiaketan. Laugarren gelditu da Heriotza erditu, baina bizitzari heldu olerkiarekin. Lan honetan, “mundu globalizatuan sistema kapitalistak eraikitako jendartearen miseri eta ametsen” inguruan hausnartu du. “Egoerarik ilunenetan ere, gure ametsetara gerturatzeko sormenak izan dezakeen garrantziaz”.
Eratsunek dio betidanik gustatu izan zaiola irakurtzea eta idaztea, eta “bizitakoari hitza jartzeak” asko laguntzen diola egunerokotasunean. Hain zuzen ere, bizitza osoa darama hitzekin jolasten. Hogei urtez aritu zen AEKn lanean eta Hernaniko helduen bertso eskolan ere ibilitakoa da. Iaz Azpeitiko Dinamo sormen gunean ere parte hartu zuen, Hitzaren Eskolan. Gainera, bertako ikasturte amaierarako sortutako testu batean oinarrituta idatzi du poema hau. Bestelakoak idatzi baditu ere, hau izan da bere lehenengo olerkia.
Bera andoaindarra den arren, hamasei urte daramatza dagoeneko Beasainen bizitzen. Madrilgo poesia lehiaketaren berri Estebe Ormazabal beasaindarraren bidez jakin zuen, azken horrek Madrilgo Euskal Etxean lan egiten baitu euskara eskolak ematen. Eratsunen esanetan, “izatez denok gara sortzaileak baina ondo-gaizki binomioan oinarritutako hezkuntza sistemak txikitatik hegoak mozten dizkigu”. Aldarrikatu du binomio horretatik alde egin behar dela, badirudielako “ez dagoela tarteko biderik: edo artista entzutetsua izan edo ezer ez egin”. Gaineratu du, egunerokotasunean, “sormenaren bidez, bizipoza ematen diguten mila abagune izan ditzakegula”.
Sari banaketa ekainaren 30ean izango da Madrilgo Euskal Etxeko Pello Aranburu aretoan, 19:00etan. Lehenengo saria Aingeru Otxotorena Uraldek irabazi du; bigarren saria, Uxue Perez de Arriluzea Cabanillasek eta hirugarrena, Elena Aierbe Segurolak. Marisa Arruabarrena Elizalderentzat izan da bosgarren saria.
Eratsunen Heriotza erditu, baina bizitzari heldu poema irakurtzeko sakatu hemen. Gainontzeko poemak irakurri nahi ezkero, hemen.