Olaberrian festez lepo
Asteburuan ospatuko dituzte olaberritarrek San Joan jaiak, bihartik igandera. Tradiziozko eguna eta suzko gaua dituzte bihar, eta plater handia zapatuan. Gozategi taldeak joko du.
Udako solstizioarekin batera, puntu-puntuan datoz Olaberriko San Joan jaiak. Hiru eguneko egitarau mardula prestatu dute, bihartik igandera. Lehenbiziko jardunaldia, bihar, umeen eguna izango da. Horrez gain, San Joan bezpera ere badenez, ohiturazko tantai altxatzea, sua eta erromeria egingo dituzte.
Txupinazoa iluntzean, 19:30ean jaurtiko dute udaletxeko balkoitik. Ordurako nahikoa eginda egongo dira haurrak. Tradizioari keinu eginez, loreak bedeinkatuko dituzte gero.
Festetako egun guztietan izango dira herri otorduak. Oilasko errea piperrekin bihar, hamaiketakoa eta herri afaria zapatuan, eta pintxoak eta sagardoa igande iluntzean, agurrerako.
Gozategi, larunbatean
San Joan egunean, zapatuan, Gozategi musika talde oriotarrak joko du, 23:00etan. Laiotz taldeak luzatuko du gero erromeria. Mozorrotuen eguna da. Eguartean eta iluntzean izango dira herri giroko juntadizoak: herri kirolak, patata tortilla lehiaketa eta herri afariaren aitzakian.
Igandean, herrialde mailako bola txapelketa jokatuko da, goizean. Sailkapen nagusiko lau onenek diru sariak dituzte (70, 50, 30 eta 10 euro), baita emakume eta gazte onenek ere.
Krosean hiru urtetik hamabira arteko haurrek parte hartu ahalko dute, adinka egokitutako ibilbideekin. Zinta karrera ere jokatuko da gero. Bakoitzak eraman behar du bere bizikleta.
Autobus zerbitzu berezia
Olaberriara joateko eta itzultzeko. Lurraldebusek autobus zerbitzu berezia jarriko du larunbatean eta igandean. Zaldibia-Ordizia-Beasain-Ormaiztegi-Olaberria kaskoa-Lazkao-Ataun ibilbidea egingo du autobusak; Zaldibian irteera orduak 23:55, 02:05 eta 04:15 ditu; itzulerakoak Olaberrian 01:15, 03:45 eta 05:55ean.
Ihurre-Ordizia-Beasain-Lazkao-Olaberria da beste linea (22:00, Ihurreko igerilekuetan).