Puntako atletak bilduko ditu VII. Ordizia Mitinak, larunbatean, Altamira estadioan
Jose Antonio Peña zenaren oroimenezko atletismo mitina 17:00etan hasiko da. 22 estatutako atletek parte hartuko dute. "Ia errekor guztiak hausteko" aukera aipatu du Eneko Agirrezabal Txindoki Atletismo Taldeko presidenteak. Sarrera doakoa da. Streaming bidez eskainiko dute.
Aurten ere punta-puntako atletak bilduko ditu Ordizia Mitinak, larunbatean, Ordiziako Altamira estadioan. 17:00etan hasiko da, 20:30ak arte. Zazpigarren edizioa izango da. 2015ean hasi zen Txindoki Atletismo Taldea Ordizia Mitina antolatzen, Jose Antonio Peña zenaren oroimenez, eta azken urteetan oihartzuna hartu du ekitaldiak Euskal Herri mailan, estatu mailan zein nazioartean. Iaz, lehen aldiz, nazioarteko kategoria izan zuen, mundu mailako 4. kategoria den Challenger-en.
Maila horrek Ordizia Mitinari protagonismoa ematen diola azaldu du Eneko Agirrezabal Txindoki Atletismo Taldeko presidenteak. “Azken urteetan hazten joan da atleten mailaren aldetik eta instituzio publikoen eta pribatuen diru-laguntza aldetik. Oihartzun handiagoa dugu eta nabari da”. Taldearen helburua ahalik eta ikusle gehien erakartzea da, eta horregatik, sarrera doakoa izango da.
22 estatutako atletek parte hartuko dute: Argentina, Australia, Bahrein, Benin, Botswana, Brasil, Burundi, Erresuma Batua, Espainia, Frantzia, Hegoafrika, Irlanda, Italia, Kenia, Kuba, Namibia, Nigeria, Portugal, Errumania, Txekia, Txile eta Uruguaikoak. Atzerriko 50 atleta baino gehiago izango dira. “Maila izango da proba guztietan, aurreko urteetan bezain handia eta ia gehienetan hobea”, adierazi du Agirrezabalek. “Ia errekor guztiak hausteko” aukera dagoela aipatu du.
Ordizia lehen mailan kokatuko du mitinak. Adur Ezenarro Ordiziako alkateak harrobiarentzat duen garrantzia azpimarratu nahi izan du. “Horrek sortzen duen inspirazioa, grina, indarra, paregabea da. Pozgarria da, batez ere zaleentzat eta kirolarientzat”. Atletismoak eta Ordiziak duten lotura aurreko mende erdialdean hasi zen gutxienez, alkateak azaldu duenez, azpiegiturei dagokienean. Ordiziak daukan lehen plan orokorrean, 1951. urtekoan, estadio bat azaltzen da, atletismo pista batekin, Trebijano inguruan kokatuta. Ondoren, Altamirara aldatu zen osorik, atletismo pistarekin, eta 1972an lehen estadioa eraikitzea ahalbidetu zuen. Pista errautsezkoa zen. 1984an tartana jarri zuten, eta 2007an estadio osoa berritu zen. Pandemia garaian, egun dagoen pista urdina jarri zen. “Garapen oso luze bat dauka, herri osoarena. Ordiziak herri bezala egindako apustua da aspaldidanik”.
Beasaingo Udala eta Eusko Jaurlaritza dira Ordizia Mitinaren laguntzaileetako bi. 2011z geroztik du Beasaingo Udalak lankidetza hitzarmena Txindoki Atletismo Taldearekin. Gorka Iturriaga Jaurlaritzako kirol zuzendariak nabarmendu du “goi mailako kirola erakusgai jartzen” duela eta “Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako ekonomian eta kohesio mailan” eragiten duela. “Aukera ematen die gure goi mailako kirolariei nazioarteko beste kirolariekin bat egiteko”.
Ordizia Mitineko probak
Emakumeak:
- 100m.
- 100m. hesiak
- 400 m.
- 800 m.
- 1.500 m.
- Pertika
- Luzera
Gizonak:
- 100 m.
- 400 m.
- 800 m.
- 1.500 m.
- Pertika
- Luzera
Haurren probak ere egingo dira. Benjaminek 50 metrokoa egingo dute, eta alebinek 60 metrokoa eta 500 metrokoa.
Parte hartuko duten atleta aipagarri batzuk
- Carina Horn (Hegoafrika): 100 metrokoan marka pertsonala 10.98an dauka. Iaz, hirugarren izan zen Afrikako Atletismo Txapelketan.
- Xenia Benach (Portugal): 100 metro hesietan marka pertsonala 13.03an dauka. Espainiako txapelduna da 100 eta 60 m. hesietan.
- Tabata Vitorino (Brasil): 400 metrokoan marka pertsonala 51.99an dauka. 2021ean Hego Amerikako Txapelketan hirugarren 4×400 metroetan.
- Rose Mary Almanza (Kuba): 800 metroetan marka pertsonala 1.56.26an dauka. 2021eko Tokioko Joku Olinpikoetan zortzigarren 4×400 metroetan. Hainbat aldiz Kubako txapeldun.
- Naima Ait Alibou (Espainia): 1.500 metroetan marka pertsonala 4.14.34an dauka.
- Judith Otazua (Euskal Herria): 1.500 metroetan marka pertsonala 4.15.57an dauka.
- Maria Vicente (Espainia): Luzeran marka pertsonala 6.80an dauka. Munduko txapeldun izan zen 2017an heptatloian 18 urtez azpikoan. Zazpi aldiz izan da Espainiako txapeldun absolutua heptatloiean, pentatloiean eta 200 metrokoan.
- Juliana de Menis (Brasil): Pertikan marka pertsonala 4.56an dauka. Hirugarren izan zen Hego Amerikako txapelketan 2019an.
- Eugene Amo-Dadze (Erresuma Batua): 100 metrotan 9.93 egin berri du ekainaren 16an, Europako urteko markarik onena eta munduko 13. onena.
- Seye Ogunlewe (Nigeria): 100 metroetan marka pertsonala 10.04an dauka. Afrikako txapeldun izan zen iaz 4×100 metroetan. Hainbat aldiz Nigeriako txapeldun 100 metroetan.
- Benjamin Richardson (Hegoafrika): 100 metroetan marka pertsonala 10.08an du.
- Baboloki Thebe (Botswana): 400 metroetan marka pertsonala 44.02an du. Tokioko Joku Olinpikoetan hirugarren izan zen 4×400 metroetan.
- Samuel Garcia (Espainia): 400 metroetan marka pertsonala 45.00an dauka. Munduko txapelketan bosgarren izan zen 4×40 metroetan, 2017an.
- Eric Nzikwinkunda (Burundi): 800 metroetan marka pertsonala 1.45.16an dauka.
- Jesus Gomez (Espainia): 1.500 metroetan marka pertsonala 3.33.07an dauka. Europako pista estaliko txapelketan 1.500 metroetan bi aldiz hirugarren izan da.
- Ruswahl Samaai (Hegoafrika): luzeran marka pertsonala 8.49an du. Munduko txapelketan hirugarren 2017an eta bosgarren 2019an.
- Adrian Perez (Espainia): pertikan marka pertsonala 5.51n du.
VII. Ordizia Meeting-a streaming bidez eskainiko du Txindoki Atletismo Taldeak.
Jose Antonio Peña gogoan
Denboraldi honetako Euskal Herri mailako atletismo mitinik garrantzitsuena izango da. 2015ean bi arrazoirengatik hasi zen Txindoki Atletismo Taldea mitina antolatzen. Batetik, Gipuzkoa mailan pistako eliteko atletismo probarik ez zegoelako, eta bestetik, Jose Antonio Peña oroitzeko. Harrezkero indarra hartu du.
Taldeak azaldu duen bezala, “kirolari eta bereziki atletismoari lotuta baino ezin da ulertu Jose Antonio Peñaren figura”. Ordiziarra jaiotzez, pisu-jaurtiketan Espainiako Txapeldun izatea lortu zuen gaztetan, eta garaiko Villafranca UD-ren saskibaloi taldean ere jokatu zuen.
80ko hamarkadaren erdialdean Ordiziako atletismo klubeko entrenatzaile hasi zen, atletismoa bultzatuz, herri mailan zein Goierri, Gipuzkoa, Euskal Herri eta estatu mailan ere. Azken 30 urteetan denetariko zereginak izan zituen klubean.
Espainia mailako atletismo epaile izan zen, eta karguak izan zituen Euskadiko eta Gipuzkoako atletismo federazioetan. Harreman estua izan zuen estatu mailako atletismoa kudeatzen zutenekin. Atletismoa erakusten eta sustatzen egindako lanarengatik, Ordiziako Udalak eta Ordiziako Kirolaren Batzordeak herriko plaka eman zioten 2007an bizitzan zehar kirolaren alde egindako lanarengatik.