Xabi Zurutuzaren fan klubak bazkide gehiago lortzeko kanpaina du abian
Hilaren 30ean amaituko da epea, eta Karibe Zaharrean, Hizkuntzan eta Facebooken eman daiteke izena. Urteko kuota 35 euro da. Klubak 1.200 euro eman dizkio pilotuari.
Xabi Zurutuza Fan Klubak 180 bazkide ditu, baina gehiago erakartzeko kanpaina du martxan hilaren 30era arte. Legazpiko moto pilotu gazte hau babesteko helburua du eta, besteak beste, diruz laguntzen du. Egun hauetan 1.200 euroko txekea eman diote, denboraldiko gastuei aurre egiten laguntzeko.
Hogei tabernan sortu zen Xabi Zurutuzaren jarraitzaileen kluba duela bi urte, baina hura itxi eta orain Karibe Zaharra tabernan du egoitza. Bertan elkartzen dira pilotuaren jarraitzaileak lasterketaren bat duenean, telebistatik lasterketak ikusteko. Uztailaren 2an izango dute hurrengo hitzordua, Portugalgo Portimaoko probekin.
Moto lasterketen zale amorratuak diren Igor Romaratezabala eta Miguel Trejo dira fan klubaren sortzaileak, txekea entregatzeko ekitalditxoan azaldu dutenez. «Euskal Herriko pilotuak jarraitzen genituen, baita Xabi ere, herrikoa delako eta txikitatik ezagutzen genuelako. Kategoriaz igo zenean eta abiadura lasterketekin hasi zenean, jarraitzaileak elkartzeko zerbait egitea pentsatu genuen, laguntzeko asmoz». Horrela sortu zuten fan kluba, beste pilotu batzuk dituztenen antzekoa. Romaratezabala, adibidez, Marc Marquezen eta Iker Lekuonaren fan klubetako kidea zen, eta ezagutzen zuen mundu hori.
Kategoria igoera 2021ean izan zen, eta fan kluba ere urte berean sortu zuten. Zurutuzak berak dioenez, «geroz eta pilotu gehiagok dute bat», eta oso pozik dago berak ere berea izanda, «herrian bertan gainera!».
Babes ekonomikoa
Lasterketak elkarrekin ikusten dituzte Karibe Zaharrean, baina babes ekonomikoa ere ematen diote pilotuari. «Iaz diru piska bat eman genion, eta orain 1.200 euro eman dizkiogu», azaldu du Romaratezabalak. Horrez gain, ekintza batzuk egiteko asmoa ere badute, «afariren bat, lasterketa bat ikusteko irteeraren bat, material zozketak… Orain arte ez dugu izan horretarako aukera».
Zurutuzak «oso gustura» hartu du dirua, «edozein laguntza da ongi etorria». Izan ere, orain lehiatzen den kategoriako aurrekontuak oso altuak dira, MTA talde italiarrarekin egon arren, eta «entrenatzera joate hutsa dirutza da».
Fan klubeko kideek bazkide izateagatik emandako dirua da Zurutuzari helarazi diotena. «Urtean 35 euroko kuota ordaintzen da, eta Xabi laguntzeaz gain, trukean kamiseta bat eta bazkide txartel bat jasotzen dute». Kanpaina honetakoak uztailean banatuko dituzte.
Klub berezi honetako kide izan nahi dutenek, «Karibe Zaharrera joan, trago bat hartu eta izena eman besterik ez dute egin behar.
Tragoa hartzea baino koaderno edo liburu bat erostea nahiago dutenek, Hizkuntza liburu denda dute», gehitu du Romaratazebalak. Facebookeko Xabi Zurutuza Fan Club kontuaren bidez ere eman daiteke izena. «Herriko gazte hau laguntzea inportantea da!».
Denboraldi ona
Lasterketak ikusteko Karibe Zaharreko topaketetan «urduritasun handia» dago denboraldi hau hasi denetik, «Xabi oso ondo dabilelako». Bere jarraitzaileak Legazpin lasterketa ikusten ari direla pentsatzeak asko laguntzen duela dio Zurutuzak, baina gehien gustatzen zaiona jarraitzaileak zirkuituan bertan ikustea da, batzuk joaten direlako. «Ikaragarria da karrera bat amaitu eta familiarekin eta lagunekin elkartzea, aurrera jarraitzeko indar handia ematen dit horrek».
Portugalen eta Valentzian eta Jerezen (Espainia) lehiatu da orain arte, eta berriz ere Portugalera joango da, Portimaora. «Denboraldia oso ondo hasi dut, gogo handiz. Motor berria estreinatu dut eta asko gustatu zait. Pozik nago, hobetzen ari naiz lasterketatik lasterketara, xehetasun txikiak fintzen ari naiz… prest nago irabazteko».
Motibazio handiko pilotua
Denboraldia azaroan amaituko da, «lau proba geratzen dira, zazpi lasterketa guztira». Jerezeko zirkuituan izandako erorketaren ondorioz denbora galdu zuen Zurutuzak, eta orain bederatzigarren postuan doa sailkapen orokorrean.
MTA talde italiarraren babesa du 17 urteko pilotu legazpiarrak, eta KTM motor berria estreinatu du aurten, FIM Junior GP munduko txapelketarako. Moto3ko munduko txapelketarako sailkatzea da helburua. «Ondo egiten badugu, igo naiteke, eta hori motibazio handia da niretzat». Moto2 etorriko litzateke ondoren, gero Moto GP… «baina ez iristea bakarrik, Moto GPko munduko txapelketa irabaztea baizik».
Horrelako motibazioa izatea oso inportantea dela dio Zurutuzaren osaba, laguna eta prestatzaile fisikoa den Miguel Apariciok. «Oso pilotu ona da, konfiantza du bere buruan, eta horrela gauzak atera daitezke. Oso indartsu ikusten dut aurten».