AEBetako euskal komunitateko 37 gazte igandean iritsiko dira Goierrira
Ateak Ireki programan, euskaran, euskal kulturan eta Euskal Herrian murgilduko dira, hiru astean. Lazkaoko Maizpide erdigunetzat hartuta, Goierriko familiekin biziko dira.
Amerikako Estatu Batuen eta Euskal Herriaren arteko lotura berrituko dute igandetik aurrera, hiru astean, 37 gazte euskaldun-amerikarrek. Ateak Ireki 2023 programari esker, ekainaren 25etik uztailaren 17ra Goierrin egonaldia egingo dute, eta euskara, euskal kultura eta Euskal Herria bertatik bertara ikasteko, ikusteko eta gozatzeko aukera izango dute.
Igande iluntzean iritsiko dira gazte estatubatuarrak Goierrira. AEBetako euskal komunitateko kide dira guztiak. Hegazkinetik Loiun (Bizkaia) lur hartu, eta 19:00etan iritsiko dira Lazkaora, autobusez. Harrera egingo diete bertako plazan.
Programan parte hartuko dutenak 37 gazte dira, eta bat ez beste guztiak iritsiko dira etzi –bestea, beranduago–. Berez, 16-25 urte bitartekoentzat zuzenduta dago programan parte hartzeko adin tartea, eta gehienak 18tik gorakoak dira. AEBetako estatu askotako jatorridunak dira.
Oñati-Boise, ernamuina
Proiektuaren aitzindaria 1974an Oñati-Boise programa izan zen. Ehun-bat gazte etorri ziren orduan Idaho estatuko hiriburu Boisetik Oñatira, euskal kultura eta hizkuntza ezagutzera. Zortzi urtean jarraitu zuen ekimenak, azken aldiz 1980an egin arte. David Bieter Boiseko alkatea –Oñatin izana– izan zen AEBetako euskal komunitatea Euskal Herriarekin lotzeko eragile nagusia, geroago ere.
2019an, talde batek NABO North American Basque Organization elkargoan aurkeztu zuen buruan zerabilen ideia, Ateak Ireki programaren sorburua. Euskal Herriaren eta Ipar Amerikaren arteko harremanak egin, eta euskaldunen artean zubiak eraikitzen segitzea da helburua.
Aurtengo egonaldiak bidea urratzeko balioko du. NABOrekin batera, sortu berri den Batzen kultur elkartea (euskal komunitatearen proiektuak sortzen dituen irabazi asmorik gabeko elkartea) eta Goieki dira sustatzaileak. Maizpidek hartu du egonaldia antolatu, garatu, eskolak eman, eta gazteen logistikarako antolaketaren ardura.
Goierritik nazio osora
Lazkaon izango dute bilgune nagusia 37 gazte estatubatuarrek, Maizpiden. Baina bertako familietan biziko dira hiru asteotan. Goierriko etxeetan hartuko dituzte, eta, egunaren zati handiena kanpoan igaroko badute ere, familietan hartuko dute ostatu eta pasatuko dituzte asteburuak.
Gainerakoan, egitarau mardula dute, gaika antolatuta. Hego Euskal Herriko lau hiriburuak bisitatuko dituzte, baita instituzio nagusien egoitzak ere. Goierrin, Lazkaoz gain, Ataun, Ezkio-Itsaso, Segura, Ordizia, Ormaiztegi eta Beasain bisitatuko dituzte; baita Euskal Herriko leku esanguratsu batzuk ere: Arantzazu, Gernika, Erriberri, Amaiur, Pasaiako Albaola…
Euskara ikasteko ere baliatuko dute egonaldia. Programak hiru oinarri nagusi ditu: euskara klaseak jasotzea, euskal kultura eta toki esanguratsuak ezagutzeko irteera didaktikoak (euskara eskolak ere irteera horietara bideratuta daude), eta, zutabe garrantzitsu diren familiak, bi aldeen artean zubiak eraikitzeko eta harremanak sendotzeko.
Talde eragileko batzuk goierritarrak direlako Goierrin hasi eta gorpuztu den arren, nazio mailako egitasmoa da Ateak Ireki.