Errotak: Ormaiztegiko historiaren ikur ahaztuak
Gaur egun aztarnarik geratzen ez bada ere, Ormaiztegin, gutxienez hiru errota izan ziren XIX. mendean zehar: Iraegi errota, Lapatza Txikia eta Goiko Errota, baina dirudienez, ez ziren bakarrak izan. Hori da Errotek herriari eta herritarrei emandakoa ikus-entzunezkoak eman duen emaitzetako bat. Atzo arratsaldean aurkeztu zieten lana herritarrei, lepo bete zen Gizarte Etxeko areto nagusian.
Ikus-entzunezkoa Gipuzkoako Erroten Jardunaldien ingurumarian ondu du Ormaiztegiko Udalak, lana osatzeko ezinbestekoak izan diren hainbat herritar eta kolaboratzaileren laguntzarekin. Udaletik jakinarazi dutenez, “2021eko martxoan” jaso zuten jardunaldiotan parte hartzeko gonbita. Ordutik lanean jardun eta gero, “Alex Roteta jardunaldi hauen sustatzailearekin elkarlanean” osatu dute atzo aurkeztutako ikus-entzunezkoa, “errotagintzak Ormaiztegiko herriari eta herritarrei emandakoa bildu eta belaunaldi berriei, nahiz zaharragokoei errotagintzak bertako historian izan duen garrantzia ezagutzera emateko” helburuarekin.
Aztarnarik ez, gaur egun
Aitortu dutenez, gaur egun aztarnarik ez egoteak “zaildu” egin du gaiaren inguruko lanketa. Horregatik, egitasmoa aurrera eramateko “ezinbestekoak” izan dira herritar talde baten bizipenak, baita Ormaiztegi 1860-1970 liburuan bildutako dokumentazioa. Berebizikoak izan dira Begoña Gurrutxaga, Bernardo Osinalde, Javier Baztarrika, Joxe Lorenzo Murua, Joxe Osinalde, Junatxo Mujika, Vitoriano Teran, Xabin Ezkurdia eta Bittor Argiñano herritarren testigantzak.
Hain zuzen, Argiñanok egindako ikerketa lanak emaitza “politak” eman dituela ere azpimarratu dute udaletik, “XIX. mendea aurretik ere hainbat errota izan zirela ziurtatzen duen dokumentazioa lokalizatu baitu hainbat artxibotan”.
Euren testigantzekin ekarpenak egin dituzten herritarrei ez ezik, Ormaiztegiko Udalak bereziki eskertu nahi izan ditu modu batera edo bestera, egitasmoan parte hartu duten hainbat eta hainbat laguntzaileri ere: Agurtzane Osinalde, Aimar Maiz, Aratz Lekue, Bittor Argiñano, Enrique Galparsoro, Ione Usabiaga, Juan Lobato, Mari Karmen Baztarrika, Mari Karmen Albisu eta ekimenaren sustatzaile izan den Alex Rotetari.