«Gure erronkarik handiena taldeen aurkezpen ekitaldia da»
Fermin Aramendik (Ataun, 1959) makina bat urte darama Tourraren jarraipena egiten ETBrentzat. Aurtengo jarraipena berezia izango da, noski. Lehen hiru etapak oso-osorik emango dituzte.
Zer diozu Frantziako Tourraz?
Tourra ikaragarria da. Tourra urtero antolatzen diren kirol ekitaldien artean handiena da. ASO, Tourra antolatzen duen enpresa, oso enpresa handia da.
Zer harreman zenuen Tourrarekin ETBn hasi aurretik?
Ordurako Tourrera joaten nintzen. Giroa, Vuelta eta gainontzeko lasterketa garrantzitsuak ere jarraitzen nituen, baina Tourrera joan egiten nintzen, kuadrillan.
Zenbat urte daramatzazu Tourraren jarraipena egiten?
ETBn 1985etik hasi nintzen, eta 1986-1987tik aurrera ziklismoan aritu naiz batez ere. Kiroletan hasi nintzenean, ziklismoa egokitu zitzaidan lankide batek helikoptero istripua izan zuelako. Euskal Herriko Itzulian hasi nintzen eta zenbat eta barrurago, orduan eta gusturago. 1990etik aurrera, urtero Tourraren jarraipena egin dut.
Tourra asko aldatu al da?
Dena aldatu da: ziklismoa, gure lan egiteko era, gure bitartekoak… Duela 35 urte magnetoskopio bat hartuta joaten ginen, kamerak zintarekin ibiltzen ziren, zintak editatutakoan sarez bidaltzen genituen eta sarea telefonia konpainia zehatz bati alokatzen zitzaion. Ordu bat ematen zigun, eta berandu iristen baginen, alferrik. Gaur egun, ordenagailu eramangarri batekin nahi duzun tokian, nahi duzunean eta nahi duzun bezala egiten duzu lan.
Zer pentsatu zenuen Tourra Euskal Herritik aterako zela jakin zenuenean?
Tourra etxeko atarian ikusteko aukera edukitzea handia da. Bizikleta zaleok garenontzat ikuskizunik handiena da.
Nolakoa izango da ETBren lana?
Gure erronka handiena hilaren 29ko taldeen aurkezpen ekitaldia da, gure esku egongo baita. Sekulako aukera da gure lana mundu guztiari erakusteko. Baina erantzukizun handia. Etapa guztiak emango ditugu, baina hori frantziarrek zerbitzatuko digute. Euskal Herriko etapak hasieratik bukaerara emango ditugu.
Nolakoak izango dira Euskal Herriko etapak?
Oso gogorrak dira, batez ere aurrenekoa. Inoizko aurreneko etapa gogorrena da. Karrera mugitzeko ibilbide egokia da. Faboritoak ia topera etorriko dira. Van Aert eta Van der Poel-ek ere, ibilbidea horrelakoa izanda, edozer gauza egin dezakete. Zortea izan dugu, normalean lehen etapak bigunagoak izaten baitira. Ez dugu aipatzen, baina laugarren etapak ere Euskal Herria zeharkatzen du.