Sigi-Sagas festa antolatu du Arranok
Uztailaren 1ean izango da jaialdia, Sagastigutin, kultura hara ere eramateko. Kolaboratzaileak ere propio aukeratu dituzte: emakumeak eta bertakoak lehenetsi dituzte.
Sigi-Sagas Fest sortu du Arrano Kultura elkarteak. «Uda garaian Beasaingo kultur agenda hutsik gelditzen da eta hori aldatu nahi dugu», azaldu du Arrano Kultura elkartekoek. Uztailaren lehenengoan, larunbata, eguneko egitaraua prestatu dute helburua gauzatzeko: 11:00etan ekingo diote jaialdiari, Sagastigutin barrena egingo duten bisita gidatuarekin; iluntzean amaituko da festa, DJ Expuela goierritarren saioarekin.
Aranzadik gidatutako bisita gidatuan parte hartzeko izena eman behar da, plaza mugatuak direlako. arranoingurumena@hotmail.com helbidera idatzi behar da. Bi txango egingo dituzte: bat, 9 eta 11 urte bitarteko haurrentzat eta, bestea, helduentzat. Biak Sagastigutiko sarrera nagusitik abiatuko dira. «Aranzadikoek parkeko fauna eta flora katalogatu dute eta bisita gidatuan emaitzak herritarrei aurkeztuko dizkiete».
Sagastiguti propio aukeratu dute jaialdia egiteko. «Oso ondo» dagoen eremua izan arren, aprobetxatzen ez den eremua dela uste dute Arranokoek. «Herriko beste gune batzuetara eraman nahi dugu kultur agenda». Dena dela, euriaren menpe egongo da kokapena. Eguraldi txarra eginez gero, plaza azpiko arkupeetan egingo dituzte arratsaldeko saioak.
16:00etan interpretazio ikastaroa egingo dute. Sagastigutiko biztanleekin naturan antzerkia ere eskainiko dute, Sagastiguti gainaldean.
Musikak hartuko dio leukoa antzerkiari. 17:00etatik aurrera, Maddi, Starblues, Gilda eta DJ Expuela taldeak igoko dira oholtzara. Hau ere neurtutako erabakia da, emakumezko sortzaileak eta goierritarrak hobetsi dituztelako. Maddiren kontzertua akustikoan izango da.
Uztailak 1, larunbata
11:00. Aranzadik gidatutako ibilaldia. Ondoren, mokadutxoa.
16:00. Antzerki ikastaroa eta Sagastigutiko biztanleekin naturan emanaldia. Ondoren, ur-jolasak haurrentzat.
17:00. Kontzertuak: Maddi, Starblues, Gilda eta DJ Expuela