Estatubatuarrei ongi etorri beroa egin diete goierritarrek
Ateak Ireki programaren bitartez Goierrira etorri dira estatubatuarrak eta harrera beroa egin diete Lazkaon goierritarrek.
Arratsaldeko 8ak aldera iritsi dira estatubatuarrak Lazkaora. Bertan, goierritarrek besoak zabalik jaso dituzte eta bakoitza bere etxean geratuko den estatubatuarrarengana gerturatu da, agurtu eta lehen harremanak egitera. 37 izan dira guztira etorri diren estatubatuarrak eta ondorengo egunetan Goierri inguruan zein Euskal Herriko txoko desberdinetan izango ditugu, euskal kultura eta ohiturak ezagutu eta egonaldi ahaztezin bat izanez.
Goierritarrak «pozik eta gogotsu» daude esperientzia hau bizitzeko, askorentzat berria baita. Hala ere, ziur daude «ezin hobea» izango dela eta estatubatuarrei hemengo kontuak erakusten dizkieten bezalaxe haiek ere «asko ikasi dezaketela» aipatu dute, batez ere hizkuntzari dagokionean. Egonaldia ahalik eta «atseginena» egiten ahaleginduko direla diote goierritarrek.