Ateak irekita aurkitu dituzte
AEB Amerikako Estatu Batuetako euskal komunitateko 37 gazte iritsi dira Goierrira, Ateak Ireki egitasmoaren barruan. Goierriko familietan biziko dira. Ekintza ugari egingo dituzte hiru astean.
Ekainaren 25a. Goierriko 37 familiak eta Ipar Amerikako euskal komunitateko 37 gaztek aspalditik gorriz markatutako eguna. Teknologia berriei esker aurretik egindako harremanak, hezur haragizkoak bilakatu ziren igandean, Lazkaoko plazan. 37 gazteek Goierriko 37 familiaren ateak ireki-irekita aurkitu dituzte. Ateak Ireki egitasmoari esker, euskara, euskal kultura eta euskal nortasuna bertatik bertara ezagutu, eta euskal komunitatearen arteko harremanak sortu eta sendotzeko helburua betetzen saiatuko dira. Hiru asteko elkarbizitza egingo dute elkarrekin.
Besoak zabalik
Emozio ugari pilatu ziren igandean Lazkaoko plazan. Urduritasuna, poza, jakin-mina, ilusioa… Gazte gehien-gehienak, lehenengo aldiz etorri dira arbasoen sorlekura. Goierritarrak «pozik eta gogotsu» daude esperientzia berri eta berezia bizitzeko, askorentzat berria baita. Hala ere, ziur daude «ezin hobea» izango dela eta estatubatuarrei hemengo kontuak erakusten dizkieten bezalaxe haiek ere «asko ikasi dezaketela» aipatu dute, batez ere hizkuntzari dagokionean. Egonaldia ahalik eta «atseginena» egiten ahaleginduko direla diote goierritarrek.
Hiru asteko egitaraua
Lazkaoko Maizpide barnetegia pasatuko dute eguna eta ekintza desberdinak eginez. Atzo, adibidez, Ateak Ireki egitasmoaren aurkezpena, elkar ezagutzeko jokoak, euskara eskolak eta Lazkao ezagutzeko aukera izan zuten. Gaur, berriz, Gasteizera joango dira, Legebiltzarra, Arabako Foru Aldundia eta Gasteiz hiria ezagutuko dituzte.
Bihar Goierrin pasatuko dute eguna. Goizean euskara eskolak jaso eta arratsaldean Igartubeiti baserri museo eta Hariztizabal baserriak bisitatuko dituzte.
Ostegunean euskal mitologian barneratuko dira, Ataungo Barandiaran museora joanez. Astea Albaolara joanez amaituko dute. Asteburuan familiekin egingo dituzte planak.