Correosek postaririk ez duela hartzen salatu dute sindikatuek
Posta banaketa zerbitzuari zuzenean eta kalterako eragiten dion Correosen kontratazio politika salatu zuen, atzo, CCOO, LAB ESK eta UGT sindikatuek, oharbateratu batean. Correosen Lazkaoko bulegoko langileen salaketa aireratu dute, eta «kontrataziorik eza», kezkagarria izateaz gain, denboran luzatzen ari dela deitoratu dute.
Oinezko banatzaile baten erretirorik ez dutela ordezkatu azaldu dute langileek; «ondorioz, langileen herena falta da». Lazkaoko korrespondentzia banatzeaz gain, Ataungoa ere bulego hartatik kudeatzen dute, eta hango egoera «are larriagoa» dela gaineratu dute: «Ataunen, absentziak betetzen ez dituztenez, herria banaketa-langilerik gabe geratzen da, eta, beraz, korrespondentzia banatu gabe».
Bi postari eta bi herri zabal
Langileria falta dagoela gaineratu dute. Lazkaok eta Ataunek hedadura zabala dutela, eta bi postari daudela horiek estaltzeko azaldu dute. «Ezinezkoa da bi postarirekin bakarrik Lazkaon punta batetik bestera banaketa egitea». Auzo guztietan posta egunero ezin dutela banatu ohartarazi dute, «posta-legeak eskatzen duen bezala».
Correosek ez duela Posta Zerbitzu Unibertsala betetzen gehitu dute langileek. «Etengabe atzeratzen dira gutunak eta jakinarazpenak entregatzeko legeak berak ezartzen dituen epeak».
Langile faltan, enpresa beste produktu mota batzuk –paketeria, adibidez– lehenesten ari dela kritikatu dute. Lau sindikatuek langileen bizkar erortzen den «gehiegizko ahalegina» salatu dute. Hauteskundeotan, posta bidezko botoa inoizko handiena izango dela oroitarazi dute, eta lanpostuak betetzeko eskatu.