RENFEk distantzia ertaineko beste 32 tren egiteko kontratu bat esleitu dio CAFi
Iazko urrian 28 tren elektriko lana esleitu zion, eta kontratu hark beste 42 trenerako esleipena egiteko aukera jasotzen zuen. Kontratu handitze horren zenbatekoa 190 milioi euro ingurukoa da.
RENFEren Administrazio Kontseiluak 2022aren amaieran CAFi esleitutako kontratuak jasotzen zuen moduan, distantzia ertaineko unitate elektrikoen kopurua handitzeko aukera gauzatzeko erabakia baieztatu du.
Hasierako kontratua iazko urrian esleitu zioten CAFi eta distantzia ertaineko zerbitzuetan operatzeko 28 tren elektrikoren hornidura jasotzen zuen oinarri gisa. Horrekin batera, parkeko piezak entregatzeko eta unitateen mantentze-lanetako zerbitzuak 15 urtez egiteko baldintzak zeuden finkatuta.
Akordioak etorkizunean irismena handitu ahal izateko aukera jasotzen zuen eta horietako bat zen gehienez beste 42 tren arte fabrikatzea. CAFek jakinarazi duenez, aukera horren zati batekin aurrera egitea erabaki du RENFEk. Denera 32 tren elektriko dira, 24 hiru kotxeak eta 8 laukoak. Beasaingo lantegiaren esanetan, kontratu handitze horren zenbatekoa 190 milioi euro ingurukoa da.
Antzeko ezaugarriak
Tren berriek aurretik kontratatutakoen antzeko ezaugarriak izango dituzte (gaur egun fabrikazio-prozesuan daude). Unitateek 200 km/h arteko operazio-abiadura dute, eta gai dira katenariarik ez duten sareko tarteetan ibiltzeko, baita modu autonomoan ibilbide laburrak egiteko ere unitateek daramatzaten bateriei esker.
“Azken proiektuetako batzuetan CAFek teknologia hori garatu izanak baieztatzen du enpresak zero isurpeneko soluzio honen alde egindako apustu irmoa. Horren helburua da bidaiarien garraioan deskarbonizazioaren bidean aurrera egitea”, nabarmendu du CAFek ohar bidez. Hala, enpresa bere ibilgailuak garatzeko lanean ari dela dio, “eragingarriagoak eta arinagoak” izan daitezen, baina, aldi berean, “operazioa hobetzeko helburua ere badu, ibilgailuaren eta azpiegituraren arteko integrazio egokia lortu ahal izateko”.
“Lankidetza estua”
CAFen iritziz, kontratu berri hau bi enpresen azken urteetan izandako “lankidetza estua sendotzen” du. “Horren erakusgarria da duela 3 hilabete eskas esleitutako proiektua. Gaur egun ingeniaritza fasean dagoen aldiriko 29 trena hornituko ditugu”.
Era berean, Beasaingo tren konpainiak nabarmendu du RENFErekin azken 3 urteotan sinatutako proiektuen bolumena “1.000 milioi euro baino gehiagoko zifrara” igo dela. “Horri esker, RENFEk bere trenen flotaren zati handi bat berritzeko eta teknologikoki eragingarriagoak diren eta ingurumena gehiago errespetatzen duten unitateak gehitzeko egindako apustuan laguntzeko aukera izan du CAFek”.