Txerri gorriaren jaitsierak emango die hasiera, etzi, Mutiloako San Pedro jaiei
Mutiloarren ezizenaren aitzakian egiten da txerriaren jaitsiera. Sagardo dastaketak 29. urtea beteko du aurten. Tourrak "desitxuratuko" du, ezinbestean, jaietako azken eguna.
Ohiturak agintzen duen legez, Txerri gorriaren jaitsierarekin hasiko dituzte San Pedro jaiak Mutiloan, bihar eguerdian. San Pedro egunarekin egokitu da, gainera, aurten jaietako lehendabiziko eguna; eta igandera bitartean, egitarau betea prest dute, dagoeneko. Zalantzarik gabe, Tourrak itzala egingo die igandean sanpedroei, baina guztiarekin, festa gogoz daude mutiloarrak.
Iñaki Ugalde, Mutiloako alkateak dionez, txerri gorriaren jaitsiera «orain dela 30 bat urte» hasiko ziren egiten, «mutiloarron ezizenaren aitzakian». Garai batean, udaletxeko balkoian paperezko txerri bat zintzilikatzen zutela gogoratu du alkateak. Gaur egun, plastikozkoa da, eta «elizako kanpandorre ingurutik udaletxeko balkoira arteko bidea egiten du», jaien iragarle. Jaietako une hunkigarrienetako bat da, ziurrenik, jaitsierarena. San Pedro eguna bera ere, «polita» da alkatearentzat, «batez ere herriko jendea» biltzen delako. Horrek ez du esan nahi, hala ere, kanpotarrak ongietorriak ez direnik.
Dastaketa arrakastatsua
Jaietako ekintza guztien artean, ostiraleko sagardo dastaketa izaten da jendetsuena. Inguruko herrietako jende asko ere erakartzen duelako. 29. urtez errepikatuko dute aurten, eta urtero bezala, edatekoarekin batera jatekorik eta musikarik ez da faltako. DJ Oxanik girotuko du afalordua eta Joselu Anaiak taldearekin erromeria izango da gauean.
Larunbatean herriko gazteen bazkaria dute plazan, eta bola lehiaketa arratsaldean. Haurrentzako jolasak era izango dituzte eta gauean Nafarroa 1512, Kontralde ea Balantza taldeen kontzertua. Bi egun hauetarako, autobus zerbitzu bereziak antolatu dituzte, eta «jendea etortzea» espero dute.
Alkateak berak aitortu duenez, «Tourrak desitxuratu egingo du jaietako azken eguna». Eguerdi parteko ekintzetan ez dute jende askorik espero, «gehienek lasterketa ikustera joango direla esan digute, dagoeneko», dio. Horregatik, arratsaldeko ekintzei eman nahi izan diete garrantzia: pentatloi erakustaldia izango da 18:00etan eta Orreagatik iragan hurbilera Segurako herri antzerkia, 19:00etan, elizan.
Autobus zerbitzu berezien ordutegiak: