Aia, festarako moduan
Ataungo Aia auzoan ostiraletik igandera ospatuko dituzte Santa Ixabel festak. Herri oturuntzak eta musika emanaldiak egunero daude. Herri kirolak ere badira.
Aia auzoan Santa Ixabel jaiak ostiralean hasiko dira. Hiru eguneko egitaraua prestatu du hango jai batzordeak. Hutsik gabe antolatu dituzte, esate baterako, auzotarren eta kanpoan bizi direnen arteko juntadizo suertatu ohi diren herri bazkariak eta afariak. Baina gehiago ere bada.
Haurrentzat jolasekin hasiko dira, etzi arratsaldean. Sardinak erre eta sagardoarekin lagunduta banatuko dituzte ondoren, eta auzo afarian elkartuko dira gero. Larunbatean, beste herri bazkari bat dute, eta gauean gazte afaria. Iaz ehun bat lagun elkartu ziren azken horretan. Bihar arte edukiko dituzte txartelak salgai.
Musikari dagokionez, ostiralean bi talde ariko dira: Añube lehenengo eta Muxutruk ondoren. Larunbatean Trikilatz taldeak girotuko du erromeria, eta DJ Expuela ariko da jarraian. Igandean, Eate abesbatzak eta kantu-poteoak jarriko dute musika.
Pentatloia igandean
Ataungo emakume sortzaileen bigarren azoka egingo da igande eguerdian. Sei postu ziurtatuta daude. Biboletak emakume taldeak 2024ko agenda bat erakutsiko du, eta aleak enkaragatu ahalko dituzte herritarrek.
Arratsaldean, euskal pentatloia ikuskizuna egingo dute. Jagoba Otaegi da kirolari bat. Bestetik, Jakes Iruretagoiena Izeta V.a. mutikoa eta Maddi Gesalaga 14 urteko neskatoa harriarekin ariko dira. Marka jarri berria da Gesalaga, eta 100 kiloko bi harri desberdin jasotzen Euskal Herriko neskarik gazteena da.
Proba ezberdinak egingo dituzte Aiako plazan. Giza proba, aldapa dagoenez, moldatu beharko dute. Pilotarekin bukatuko dira jaiak. Hiru partida jokatuko dituzte, Erroipe eraikinaren azpiko frontoitxoan. Alebin mailan, binaka, Aramendi-Labaka eta Arratibel-Aldasoro, seniorretan buruz buru B.Zubizarreta eta Garmendia, eta Aiako txapelaren bila Ramirez-Aierbe eta Aldasoro-Goikoetxea.