Aztiriko mendatean barrena Everest gainera arte, helburu solidarioekin
‘Zeraingo Everest solidarioa’ antolatu dute Tourraren aitzakian. Uztailaren 1ean izango da egun osoan zehar. Bizikleta zaharrak konpondu eta Saharara bidaltzea da asmoa, besteak beste.
Tourraren uholdeak Goierri bete-betean harrapatuko du asteburu honetan, eta Zerainen ere, munduko txirrindularitza proba handiena den honen olatuari helduko diote. Hala, Zeraingo Everest solidarioa izeneko ekimena antolatu du Oamendi kirol klubak larunbat honetarako. Bi helburu nagusi ditu ekimenak; zeraindarren artean bizikleta zaletasuna sustatzea, batetik; eta etxean erabiltzen ez diren bizikleta zaharrak bildu eta konpondu eta gero, Saharara bidaltzea, bestetik.
Everest solidarioa everesting hitzetik datorrela argitu du Josu Etxeberria Oamendiko kideak: «ziklismoan egiten den ekimen bat da, non Everest mendiaren desnibela igotzea den helburua, beti aldapa berean». Zeraindarrak izanik, Aztiriako mendatea aukeratu dute. 29 aldiz igo beharko dute aldapa pikoa, Everest mendiaren altuera berdintzeko; «gure helburua da ea 30 bat alditan igotzen dugun denon artean», argitu du Etxeberriak.
Larunbatean, 8:00etatik 17:00etara egongo da parte hartzeko aukera, «nahi duenak parte har dezake, edozein motatako bizikletarekin», elektrikoak ere onartuta daude. Larraondoko bidegurutzean hasiko da erronka eta irteera herrikoi bat ere egingo dute, 11:30ean. «Gurea ekimen xumea da eta ez dugu jendetzarik espero. 50 bat pertsonek parte hartuko dutela aurreikusi dugu, herritarrak batez ere. 100 bat pertsona biltzea lortuko bagenu, izugarria litzateke guretzat», azpimarratu du.
Konponketak auzolanean
Helduentzako izen ematea 15 eurotan jarri dute eta haurrena 10 eurotan. Prezio berean jarri dituzte salgai ekimenaren aldeko elastiko laranjak ere. «Izen emateetatik eta kamiseten salmentetatik lortutako diru guztia, jasotako bizikletak konpontzeko erabiliko dugu, behin konponduta Saharara bidaltzeko».
Izan ere, bada ekimenarekin bat egiteko hirugarren bide bat ere: etxean erabiltzen ez diren bizikletak klubekoei ematea. Hasita daude dagoeneko bizikletak jasotzen, eta uda guztian zehar egongo da bizikletak emateko aukera, —baita kamisetak erostekoa ere—. Larunbatean bertan ere jasoko dituzte bizikletak, Larraondoko bidegurutzean bertan.
Irailean konponduko dituzte bildutako bizikletak auzolanean, «aurretik klubetik ikastaro bat emango diegu herritarrei —heldu, zein gazte—bizikletak konpontzen ikasteko». Orduan erabakiko dute noiz eta nola bidali bizikletak Saharara.